Politika
Presoak
agentziak | erredakzioa
100 neurri aurkeztu ditu, tartean egungo "salbuespeneko" politikatik "arruntera" igarotzeko eta "arrazoi politikoko" presoen kasuan "malguago" jokatu ahal izateko neurri "iragankorrak".
Arzuaga eta Ugarte, prentsaurrekoan. Argazkia: Efe
EH Bilduk kartzela politika "alternatibo" bat lortzeko dokumentua aurkeztu du gaur, eskumena kudeatzeko 100 neurri zehazten dituena; tartean, egungo "salbuespeneko" politikatik "arruntera" igarotzeko, eta "arrazoi politikoko" presoen kasuan "malguago" jokatu ahal izateko neurri "iragankorrak".
Larraitz Ugarte Estatu Eraikuntzarako idazkariak eta Julen Arzuaga Askatasun Demokratikoen arduradunak eman dute dokumentuaren berri Donostian, eta egungo zigor sistemak "180 graduko norabide aldaketa" behar duela azpimarratu dute.
"Espainiako Gobernua egiten ari den politika berbera errepikatzeko ez dugu eskumena behar", adierazi du Arzuagak, jokamolde "desberdina" izan nahi dutela, eta presoak "modu duinean" tratatzea eta "gertutasuna" eskaintzea bilatzen dutela azaldu aurretik.
"Beste espetxe-politika baterantz Euskal Herrian. 100 neurri EAEn espetxeen arloko eskumena kudeatzeko" da dokumentuaren goiburua, eta Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdien esku utziko dute, martxoaren 13an egingo duten saio monografikoari begira.
Euskal presoak Euskal Herriko presondegietara eramateko prozesua "duintasun, berdintasun eta familia bizitza izateko eskubideen baitan" kokatu dute.
Beste neurrietako bat sakabanaketaren ondorioz hil diren senideei "Estatuaren biktima" izaera aitortzea izango da.
Era berean, beharrezko neurriak hartzeko deia egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzela zaintzako epaitegiak izan daitezen euskal presoak artatzen dituztenak. Gainera, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak berak puntu hori babesten duela gogorarazi dute.
Arzuagak aipatu du gaur egun 1.322 preso daudela EAEko kartzeletan, eta egoera zuzendu egin beharko litzatekeela, beste erkidego batzuetako 779 daudelako, eta EAEko 824 daudelako erkidegotik kanpo.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa