Politika
Perfila
eitb.eus
Ahoan bilorik gabea eta aditz zuzenekoa, ez dira gutxi izan EBBko presidente historikoaren inguruan sortutako ika-mikak.
Oharkabean pasatzen ez den horietakoa, karismatikoa, halaxe izan da Xabier Arzalluz Antia (Azkoitia, 1932). EAJren, Euskadiko zein Estatuko politikalgintzan izen handitan geratuko dena, ziurrena.
Akaso 2004an Deia egunkariari eskainitako elkarrizketa batean esandakoak balia ditzakegu haren profila marrazteko: "20 urte gazteago izan nahiko nuke herri honentzat garrantzitsua den garaia badatorrelako. Garai zailak izango dira, eta horregatik dira erakargarriak. Borroka ez badago, ni aspertu egiten naiz".
Bizitzea tokatu zaion garaia ez da ez, aspertzeko modukoa izan: Espainiako trantsizioa, EAJ-EA eszisioa, ETAren garai gogorrena eta Lizarra-Garazi aroa lehen pertsonan bizitzea egokitu zitzaion.
Zazpi seme-alabadun familia karlista batean txikiena, oinarrizko ikasketen ostean, Oñako (Burgos) seminario jesuitara joan zen, bide elizkoia hautatuta. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbidean eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, eta Alemaniara jo zuen Teologia ikasketak amaitzera eta alemaniera ikastera. Jesusen konpainian ordenatu zen 1967an. Sasoi hartan trebatu zen hain maisuki erabilitako dialektikan. Dena dela, laster utzi zuen bide erlijiosoa, eta 1970ean zuen Vatikanoaren aldizkari ofizialak Jesusen konpainiaren ordenatik irteeraren berri eman.
Deustuko Unibertsitatean zein Madrilgo Complutensean Zuzenbide eskolak ematen hasia zen ordurako, baita EAJrenganakoak egiten ere. Garai hartan afiliatu zen artean klandestinitatean ari zen alderdira.
Antza, Juan de Ajuriagerrak nazioartean EAJren ordezkari izatea eta Alderdi aldizkarian lan egiteko eskatu zion 1968an, Martin Ugalderekin batera.
1977an Madrilera egin zuen jauzi, Gipuzkoatik EAJren diputatu aukeratu zutenean. Zenbaitzuek diotenez, tribunatik amnistiari buruz egindako hitzaldia legegintzaldi horretako oratoria saio bikainena izan zen. 1979an berriz hautatu bazuten ere, diputatu aktari muzin egin zion, eta urte hartan EAJren Bizkaiko Buru Batzarreko (BBB) presidente aukeratu zuten. Garai horretan, Carlos Garaikoetxea zen EBBko buruzagia.
Garaikoetxea lehendakari izendatu zutenean hartu zuen Arzalluzek Euzko Alderdi Jeltzalea zuzentzeko ardura, 1980an, eta horretan jardun zuen lau urtez. EAJk bere garai beltz eta liskartsuena zuen atarian, alderdiaren haustura ekarriko zuena: EAJ-EA eszisioa, zatiketa "tamalgarria" Arzalluzen hitzetan, bera buru zuen sektorea nagusitu bazen ere. "EAJri eta abertzaletasunari inoiz gertatu zaion gauzarik okerrena izan zen", aitortu zuen Arzalluzek.
Krisia gaindituta, Arzalluzek eutsi egin zuen, EAJ eutsi zuen eta alderdiko buruzagi eztabaidaezina bihurtu zen, hamabost urtez. Jose Antonio Ardanza lehendakariari gobernatzen uzten zion; Arzalluzek zioenez, "paper askoren artean ondo konpontzen zen".
Aurkariek beldur zioten bere ezagutzengatik, eta harroputz bat zela uste zuten, baina gauza berarengatik maite zuten bere alderdikideek, mitinetan alkandora garbaltzen zuen, oraindik Azkoitiko plazan balego bezala, besoak altxatzen zuen eta jendea pizten zuelako.
Ikuskizuna zen mitinetan, eta pragmatikoa bulegoetan: Felipe Gonzalezekin negoziatzetik Jose Maria Aznarrekin akordioa lortzera, 1996an boterera heldu zenean, elkarren arteko gorazarreen artean.
Harreman ona izan zuten hasieran, baina gero Aznarren eta Arzalluzen arteko ika-mikak ugariak izan ziren.
2016ko artikulu batean, Deia egunkarian, Aznarren aldeko boto hori azaldu zuen. "Beti pentsatu dut ETAren eta Estatuaren arteko gerra bi aldeen arteko negoziazio baten bidez bukatu behar zela. Baina ETAren aldetik, zeinarekin ahal izan nuen guztietan hitz egin nuen, beste hainbatetan entzun nuen EAJren eginkizuna ETA eta Estatuaren arteko negoziazioaren bidea erraztea zela. Eta, esaldia lotsagabekeria bada ere, bere eduki praktikoarekin ados nengoen".
Azaltzen zuenez, "hori ezinezkoa izan zen", baina Aznarren "anbizioan eta handikerian" hori lortzeko "itxaropena" ikusi zuen Arzalluzek.
EBBko presidentetza utzi baino urtebete lehenago, momentu adierazgarria utzi zuen Arzalluzek. Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Gorka Knorr eta Conchi Bilbao mahaiko kideak desobedientzia leporatuta Bilboko Justizia Auzitegian deklaratu zutenean, Arzalluzek "Eusko Gudariak" abestu zuen epaitegietako eskaileretan.
Dena izan zen hura belaunaldi gazteago batek utzi zuen alboan. Alderdi Egun batean, errelebo hori irudikatuta geratu zen: Ibarretxek besarkatu egin zuen, eta esan zion "Xabier, maite zaitugu". Arzalluzek harrituta begiratu zuen, errelebo hori ezin sinatsita.
Ahoan bilorik gabea eta aditz zuzenekoa, gorrotatua bezain maitatua izan da.
2004an alderdiko presidentetza utzi zuen. Apur bat desengainatuta joan zen. Ez zuen alderdia kanpotik gidatu, eta agerpenak eta elkarrizketak neurtu zituen. Benetan joan zen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa