Politika
eskumenen auzia
Radio Euskadi | Eitb.eus
Gai sozialak hizpide, PPren idazkari nagusiak uste du atzerriko adingabeen zentroak itxi eta gaztetxo horiek Euskadirekin muga egiten duten lurraldeetara eraman behar direla.
Amaya Fernández
Albisteak (3)
Euskadiri eskuduntza gehiago ez emateko PPk Senatuan aurkeztutako mozioa babestu du gaur Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusi eta Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "guk autogobernua defendatu dugu historikoki, baina Gernikako Estatutuak dioena ez da EAJk interpretatzen duena. Jeltzaleak ez dira Estatutua interpretatu dezaketen bakarrak". Hala, Gernikako Estatutua "behera bota" nahi izatea egotzi dio EAJri, estatutu berrian erabakitzeko eskubidea sartu nahi dutelako. Jaurlaritzari aurre-kanpaina egitea leporatu dio, gainera.
Fernandezen hitzetan, "Estatutuaren interpretazio nazionalista da esatea Euskadiri dagozkiola portuak eta aireportuak kudeatzea". PPko buruzagiaren ustez, PSE-EE "EAJren soinuan ari da dantzan": Jaurlaritzak egindako "itxurazko txosten" hori onartzeko "konpartsa" lanetan dabiltza sozialistak. Fernandezek nabarmendu duenez, "eskumenak Auzitegi Konstituzionalak ezarritako mugak kontuan hartuta transferitu behar dira".
PP Espainiako Gobernura itzultzekotan gerta daitekeenaz galdetuta, Fernandezek esan du "Pablo Casadok autonomien Estatuan, autogobernuan eta Euskadiren berezitasunean sinesten duela. Eskumenak legearen arabera transferituko dira. Horretarako leialtasuna behar da, bi aldeetatik. Bildurekin adostea Gernikako Estatutua behera botatzea ez da onargarria, kontuan hartuta helburu sezesionista dutela". Fernandezen iritzian, estrategia hori Osakidetzako eskandalua "estaltzeko" da.
Gizarte gaiak hizpide, PPko Euskadiko buruak atzerriko adingabeen zentroak itxi behar direla azpimarratu du. "Adin txikikoekin trafikatzen duten mafien jomuga bihurtu da Bizkaia. EAJren politikek erakarri egin dituzte. Bizkaitarren elkartasunak mugak ditu, dirua beste gauza batzuetarako behar dugu, esaterako, metroa handitzeko", azaldu du.
Auzi horren irtenbideaz itaunduta, Fernandezek proposatu du adingabeak Kantabriara, Errioxara eta Aragoira bidaltzea. "Denborak arrazoia emango digu", erantsi du.
_______________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa