21:31

Politika

Brusela

EBk Espainiako eskuin muturra babesten duela salatu dute Puigdemontek eta Torrak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Europako Parlamentua Espainiako eskuin muturreko alderdien txotxongilo bilakatu du Tajanik", kritikatu du Generalitateko presidenteak Bruselan emandako hitzaldian.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Quim Torrak eta Carles Puigdemontek Europar Batasuna Kataluniako gatazka politikoan izaten ari den jarrera gogor kritikatzeko baliatu dute gaur Bruselan egin duten agerraldia.

Hitzaldia Europako Parlamentuan eman behar zuten, baina Antonio Tajani Ganberako presidente kontserbadoreak baimena ukatu zien. Gauzak horrela, Bruselako hotel batean izan da buruzagi katalanen konferentzia.

Kataluniako prozesu soberanistaren harira Espainiako Auzitegi Gorenean hasi den epaiketaren aurkako adierazpenik ez egiteagatik eta gatazka politikoari irtenbide bat bilatzeko prozesuan bitartekari izateari uko egin izanagatik kritikatu dute Europar Batasuna.

Ildo horretan, Europako Parlamentuko presidentearen jarrera salatu dute batez ere. Espainiako eskuin muturreko alderdien esanetara ari dela adierazi dute.

"Europar guztien eskubideak babestu beharrean, Tajanik eskuin muturreko alderdi espainiarren eta Katalunian elkarrizketa prozesu bat abiatzearen aurka dagoen Borrell jaunaren txotxongilo bilakatu du Europako Parlamentua", deitoratu du Torrak.

Puigdemontek ere kritikatu du Tajani, hitzaldia Europako Ganberan egiteko betoa jarrita, "mozal legea" aplikatu duela esanez. Halaber, gogoratu du Belgikara ihes egin zuenetik hainbat herrialdetako parlamentuetan izan dela eta inon ez diotela "arazorik" jarri.

Katalunia "herri oso europarra" dela azpimarratu du eta, ondorioz, erabakitzeko eskubidea aitortzeko babesa eskatu dio Europar Batasunari.

"Europar Batasunak ezin du Tajanirena bezalako jarrerarik onartu, errepresioa babesten duten alderdi espainiarrak defendatzen ari baita", nabarmendu du Puigdemontek.

"Europarentzat lotsagarria izan beharko litzateke estatukide den herrialde batean preso politikoak egotea; Europako diputatu guztiek begiak ireki eta demokrata gisa jardun behar dute", erantsi du, Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketaren aurrean isilik gera ez daitezela eskatuz.

"Europako sinesgarritasuna demokratikoa arriskuan dago Madrilen; hau Europaren krisia da", berretsi du Puigdemontek.

Biek ala biek adierazi dute "lotsagarria" dela politikari katalanak preso egotea eta, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaz geroztik, Europako erakundeak "isilik" egon direla salatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena