17:21

Politika

MANIFESTAZIOA

'Kataluniak preso politikoak libre uzteko' eskatu dute milaka pertsonak Bartzelonan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

200.000 pertsona Udaltzaingoaren arabera, eta 500.000 antolatzaileen arabera, atera dira kalera larunbat arratsaldean Bartzelonara, aste honetan hasitako epaiketaren kontra protesta egiteko.

1:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka manifestari kalera irten dira gaur arratsaldean Bartzelonan, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma dela eta Madrilgo Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren politikari katalanei babesa agertzeko, Autodeterminació No És Delicte (autodeterminazioa ez da delitua) leloa idatzita zeraman pankartaren atzean.

200.000 pertsonak hartu dute parte manifestazioan Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera eta 500.000 pertsonak antolatzaileen arabera.

Estelada eta lazo horiak hartuta, "guztiok epaitzen gaituzte", "askatasuna preso politikoentzat" edota "gure Gobernua etxean eta libre ikusi nahi dugu" dioten kartelak eraman dituzte eskuetan askok eta askok. "Independentzia" eta "batasuna" leloak askotan entzun dira manifestazioan zehar.

17:11n hasi da ANCk eta Omminum culturalek deitutako manifestazioa. Gran Viatik joan dira, Espainiako Plazatik hasi eta Unibertsitate Plazara arte. Ibilbide hori dela eta, Bartzelonako bide nagusi horretako trafikoa eten egin dute eta 35 autobus lineari eragin dio horrek.

Auzitegi Gorenean preso katalanen kontrako epaiketa hasi zenetik deitzen duten lehen manifestazio handia izan da gaurkoa eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Quim Torra Generalitateko presidenteak eta bere Gobernuko kideek, Roger Torrent Parlamenteko presidenteak, PDeCAT-JxCAT eta ERCko kontseilari eta buruzagiek, CUPeko kideek eta Catalunya en Comu-Podemeko Jessica Albiach, Jaume Asens eta Gerardo Pisarellok. Euskal Herritik, han izan dira EH Bilduko Jon Iñarritu eta Gorka Elejabarrieta, adibidez.

Manifestazioko pankarta. Argazkia: EFE

"Gran Via ultraeskuinaren kontrako giza harresi handi bat bihurtu duzue gaur" esan die Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak manifestariei. "Demokraziaren epaiketa hau Estatu espainiarraren porrotaren erakusle da" gaineratu du, eta tamalgarritzat jo du Pedro Sanchezen Gobernuak "modu arduragabean jokatu izana eta elkarrizketa baztertu izana Kataluniako gatazka konpontzeko". "Espainiako demokrata guztiei dei egiten diegu eskuin muturraren aurrean men egin ez dezaten. Ez iezaiezue utzi intoleranteei politikaren eta instituzioen jabe egiten" eskatu du.

Elisenda Paluzie ANCko presidenteak iragarri du gaurkoa hemendik aurrera etorriko diren mobilizazioetan lehena izan dela. "Botoa ematea eta autodeterminazio eskubidea defendatzea ez dela delitua" berretsi du eta Estatuak independentistei eman nahi dien "kolpea" "boomeranga bezala itzuliko zaiela" espero duela gaineratu du.

Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko Presidentzia kontseilari eta bozeramaleak Estatuari "faxista", "ustela" eta"autoritarioa " izatea leporatu dio, "disidentzia politikoa erreprimitzeagatik" eta Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteari "lotsagarria"dela esan dio.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena