13:31

Politika

A28KO HAUTESKUNDEAK

Bozkatzeko deia egin du Riverak, 'Sanchez presidente liberal batengatik aldatzeko'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, Ciudadanosek Vox alderdiari "segurtasun hesia" jarriko dion galdetu diotenean, Riverak esan du "Espainia akabatu nahi dutenekin" soilik erabiltzen duela erreminta hori.

  • Albert Rivera, Ciudadanoseko presidentea

    Albert Rivera, Ciudadanoseko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak txalotu egin du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratzea erabaki izana. Halaber, hautetsontziak "boto konstituzionalistekin" betetzeko deia egin die herritarrei, "Sanchez Moncloatik botatzeko" eta Riverak berak edo "kontserbadore batek" (PPko Pablo Casado zeharka aipatuta) zuzendutako gobernu liberal baten alde egin ahal izateko.

Bestalde, Ciudadanosek Vox alderdiari "segurtasun hesia" jarriko dion galdetu diotenean, Riverak esan du "Espainia akabatu nahi dutenekin" soilik erabiltzen duela erreminta hori.

Pedro Sanchezen erabakiaren berri izan ostean egin ditu adierazpen horiek Riverak Kongresuan emandako prentsaurrekoan. "Frankenstein gobernua hil egin da, baina oraindik berpizteko aukera dugu", adierazi du.

Horregatik, PPren eta PSOEren gobernuek eragindako egoera gainditu beharra dagoela azpimarratu du, eta hautetsontziak "boto laranja eta konstituzionalistekin" bete behar dituztela esan du. "Espainiaren ordua da, Espainia maite dugunon esku dago etorkizuna, ez gorroto dutenen menpe", adierazi du.

Riveraren esanetan, Sanchez kargutik kentzea da helburua, "PSOE bahituta" duelako. Hortik aurrera, espainiarrek aukeratu beharko dute "liberal" batek zuzendutako proiektu bat nahi duten ala nahiago duten "konpondu gabeko ustelkeria kasuak dituen eta abortuaz hitz egiten duen alderdi kontserbadore bat".

Ciudadanos alderdi bozkatuena balitz, Voxekin hitz egingo ote lukeen ere galdetu diote Riverari. "Goiz da oraindik hauteskundeen osteko hitzarmenei buruz hitz egiteko. Kontserbadorea, ultrakontserbadorea, liberala edota populista izan arren, posible da akordioetara iristea", erantzun du.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena