17:49

Politika

Eusko Legebiltzarra

Otegi: 'Eusko Jaurlaritza Legebiltzarra bahitu nahian dabil'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Iñigo Urkulluren Gobernua gutxiengoan dago, baina handikeriaz jokatzen ari da eta bere proposamenak inposatu nahi ditu, eztabaidari uko eginda", salatu du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.   

  • Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte.

    Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak osorik bozkatu nahi du atzo iragarri zuen Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua, eta horrek EH Bilduren haserrea eragin du; izan ere, egitasmo horrek hainbat neurri biltzen ditu, eta koalizio soberanistaren iritzian, neurri horiek banaka eztabaidatu eta bozkatu beharko lirateke.

Arnaldo Otegik agerraldia egin du Donostian; EH Bilduk zer bozkatuko duen ez du argitu, baina gogor kritikatu du Iñigo Urkulluren Gobernuaren jarrera. Parlamentuan eztabaida saihesteko "tranpa" egiten ari direla eta beren proiektua "inposatu" egin nahi dutela esan du. "Dena ala ezer; hori da planteatzen dutena", salatu du.

"Onartezina da gutxiengoan dagoen Gobernu batek horrelako handikeriarekin jardutea; gauzak oso gaizki egiten ari dira", adierazi du.

"Demokrazia aurreko egoera batean gaude; izan ere, Eusko Jaurlaritzak horrela jokatuta, Parlamentua sobran dago", erantsi du.

"Egiten ari direna legezkoa dela esango dute, baina 155a ere legezkoa da; ez du balio arauak bihurritzea; EAJk lege hori aurrera atera nahi badu, akordioetara iritsi eta itunak egin behar ditu, gutxiengoan baitago", azpimarratu du Otegik.

"Handikeriaz ari dira, gehiengo absolutua izango balute bezala, baina jendeak eskubidea dauka talde bakoitzak zer proposatzen duen jakiteko eta Legebiltzarrean eztabaida garbi bat ikusteko", gaineratu du.

Oposizioa "umiliatzeko" saiakera, PPren iritzian

Bestalde, Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak esan du Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektua noren babesarekin onartu nahi duen erabaki behar duela Eusko Jaurlaritzak. "Planteamendu honekin talde guztiak kontra izango ditu", ohartarazi du.

"Ezinezkoa dena lortu nahi du Gobernuak. PPk eta Bilduk neurri berberak onartzea nahi du", adierazi du Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean.

Halaber, "harridura" agertu du, gehiengorik ez duen Gobernua izanik beste talderen baten babesa bermatuta izan gabe onartu duelako aipatutako lege proiektua.

Alonsok onartu du Alderdi Popularrak begi onez ikusten duela itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatak igotzea. Alabaina, "marra gorri bat" ere markatu du: PPk ez du babestuko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta funtzionarioen soldata baino gehiago igotzea.

Gauzak horrela, bere talde parlamentarioak ezezko botoa emango duela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak jarrera horrekin oposizioa "umiliatu" nahi duela salatu du, baina oposizioak Iñigo Urkulluren Gobernuari Legebiltzarrean "astindua" eman diezaiokeela ohartarazi du.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena