18:53

Politika

Presoak

Iraganeko espetxe politikara 'ez itzultzea' eskatu du Grande-Marlaskak

eitb.eus

Barne ministroaren hitzak positiboki baloratu ditu Sare Herritarrak, baina "zuhurtziaz" hartu dituzte, "ikusi dugulako ekintzak ez datozela hitzekin bat, ez baitira Euskal Herriratzeak gauzatu".

  • Grande-Marlaska ministroa, Gasco eta Anduezarekin PSE-EEren ekitaldi batean, Donostian.

    Grande-Marlaska ministroa, Gasco eta Anduezarekin PSE-EEren ekitaldi batean / Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak presoen sakabanaketa "emaitzak eman zituen momentuko" politika antiterrorista bat izan zela esan du, baina orain egoera desberdina dela ETA "garaitua izan delako", eta berriz "lehengo politikara ez itzultzea eta gaur egungoan egotea" eskatu du.

Donostian egindako PSE-EEren ekitaldi batean izan da ministroa, Ernesto Gasco alkategaiarekin eta Eneko Andueza euskal sozialisten idazkari orokorrarekin batera. Gipuzkoako beste sozialista asko ere Miramar jauregian izan dira.

Barne ministroak nabarmendu duenez, "orain egoera desberdina da, Zuzenbide Estatuak, gizarteak eta Estatuaren Segurtasun Indarrek ETA garaitu dutelako". "ETA ez da bere kabuz desegin; guk egin dugu", azpimarratu du.

Tratamendu batzarrek "erabakiko dute graduetan aurrera egingo den ala lekualdatzeak egingo diren, baina beti legearen barruan eta beti gardentasunez eta terrorismoaren biktimak informatuz".

Grande-Marlaskak "demokrata guztien ondarea" diren "biktimak ez erabiltzea" eskatu du.

Bere printzipioak baztertu dituela esaten dutenak kritikatu ditu ministroak, eta epailetzan ibili den 30 urteetan zehar defendatu dituen berberak direla esan du. Horien artean aipatu ditu demokrazia, legezkotasuna eta Zuzenbide Estatua.

Pedro Sanchezen Gobernuak "zazpi hilabetean beste batzuek zazpi urtean baino gehiago" egin duela esan du Grande-Marlaskak, eta Presondegiko Azpiegituren Plana aipatu du, orain dela aste batzuk Ministroen Kontseiluan onartua. Zubietan espetxe bat eraikitzea bultzatuko du planak, eta Donostiako Txomin Enea auzoa garatzea ahalbidetuko du.

Sareren balorazio positiboa

Sare Herritarrak positiboki baloratu ditu ministroaren hitzak, urtarrilaren 17an adierazitakoa errepikatuz. "Zuhurtziaz" hartu dute mezua; izan ere, "ikusi ahal izan dugu ekintzak ez datozela hitzekin bat, ez baitira Euskal Herriratzeak gauzatu".

Ministroaren eta Pedro Sanchezen hitzak "praktika nola bilakatzen diren" ikusi nahi du Sarek, "sakabanaketa ez baita legean oinarritutako neurri bat izan, euskal presoei zigor gehigarri gisa ezarritako salbuespen neurri bat baizik".

Gogoratu dutenez, urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan egindako manifestazioen ostean, ministroarekin biltzea eskatu zuten. "Hitz hauek errealitate bilakatzeko urgentziaz eta prozeduraz hitz egitea beharrezkoa ikusten dugu", bukatu dute.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena