14:18

Politika

Hezkuntza-programa

Biktimek positibotzat jo dute 'Herenegun' adosten saiatzeko hausnarketa epea

Agentziak | Erredakzioa

Jonan Fernandez Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin bildu da ostiral honetan, programaren inguruan "ahalik eta adostasun zabalena" lortzeko abiatutako bileren harira.

1:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'Herenegun' hezkuntza-programa adosten saiatzeko Eusko Jaurlaritzak zabaldutako hausnarketa epea positibotzat jo dute terrorismoaren biktimen hainbat taldek.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetza idazkari nagusia Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin bildu da ostiral honetan, Gasteizen.

Bilera amaitzean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako prozesu berria positiboa dela esan dute AVTek, Covitek eta Fernando Buesa Fundazioak. Halaber, Eusko Jaurlaritzak biktimen elkarteekin banan-banan egingo dituen bilera bilateralak noiz zehaztuko dituzten zain daudela esan dute.

Ostiral honetan ekin dio Eusko Jaurlaritzak 'Herenegun' hezkuntza-programa adosten saiatzeko elkarrizketa prozesuari. Proiektuari egin dizkioten "ekarpenak barneratzeko" denbora behar dela argudiatuta, proiektua datorren ikasturtean ezarriko dutela iragarri zuen Jaurlaritzak —berez, apirilean zen abiatzekoa—. Hilabeteok, bada, programaren inguruan "ahalik eta adostasun zabalena" lortzeko baliatuko dituzte.

Ildo horretan, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak 'Herenegun'en ekarpenak barneratzeko hartutako konpromiso, "adostutako materia bat izan behar duelako eta gizartearen zati nagusi baten iritziak jaso behar dituelako".

Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi egin du koalizio soberanistak ez duela Jaurlaritzak landutako materiala babesten, eta arlo honetan erabateko adostasun politikoa lortzea "oso zaila eta ia ezinezkoa" dela iritzi dio.

José Antonio Pastor (PSE-EE) legebiltzarkidearen esanetan, "Euskadin ezberdin pentsatzeagatik hilketak eman zirela eta horrelakorik inoiz gertatu behar ez zuela jakin behar du" gaztediak. Gainera, aurreko materialean terrorismoaren deslegitimazioa ematen ez zela uste du Pastorek, eta hori "zuzendu dezatela espero duela" esan du.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen ustez, 'Herenegun'ek ETAren "inposizio terroristaren" nondik norakoak jakinarazi behar dizkie belaunaldi berriei, berriro gertatu ez dadin. Bestalde, oraindik ETAren indarkeria gaitzesten ez dutenentzako "tokirik ez egotea" eskatu du Barriok, eta biktimen elkarteen ikuspuntua nagusi izatea eskatu du.





Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena