13:11

Politika

Hezkuntza-programa

Jaurlaritzak gaur ekingo die 'Herenegun' adosten saiatzeko elkarrizketei

Agentziak | Erredakzioa

Jonan Fernandezek ohartarazi du "haserrea eta xelebrekeriak" saihestu nahi dituztela, eta hala, "elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin" kudeatuko dutela gogoeta.

  • Jonan Fernandez

    Jonan Fernandez, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ostiral honetan bertan ekingo dio Eusko Jaurlaritzak 'Herenegun' hezkuntza-programa adosten saiatzeko elkarrizketa prozesuari. Proiektuari egin dizkioten "ekarpenak barneratzeko" denbora behar dela argudiatuta, proiektua datorren ikasturtean ezarriko dutela iragarri zuen atzo Jaurlaritzak —berez, apirilean zen abiatzekoa—. Hilabeteok, bada, programaren inguruan "ahalik eta adostasun zabalena" lortzeko baliatuko dituzte, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetza idazkari nagusiak gaur azaldu duenez.

Elkarrizketa prozesuan "haserrea, xelebrekeriak eta hitz potoloak nagusi dituzten eztabaidak" saihestu nahi dituzte, eta hala, "elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin' kudeatuko dutela gogoeta.

Jaurlaritzaren 'Herenegun' programak polemika eragin zuen alderdi politikoen eta ETAko biktimen elkarteen artean. PPren aldetik etorri ziren kritika gehienak —Jaurlaritza ETAri "hauspoa" ematen ari zela esan zuen— baina PSE-EEk ere aldaketak eskatu zituen, materialak "terrorismoari legitimotasuna" ken ziezaion.

"Iraganak zatitu egiten gaitu oraindik"

Fernandezek Bilbon hartu-eman horien berri emateko egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, "sortu den eztabaidak agerian utzi du terrorismoaren eta indarkeriazko iragan hurbilaren irakurketa bat egitea delikatua dela, egiteke dugun zailena agian".

"Iraganak min egin digu, zatitu egiten gaitu oraindik. Bagenekien, eta berriro konturatu gara horretaz. Errealitate hori aitortu beharra dago", erantsi du

Fernandezen iritzian, "iraganari buruzko irakurketa guztiak zailak dira, eta beraz, arrazionaltasunarekin, malgutasunarekin, lasaitasunarekin, pazientziarekin eta perspektibarekin" kudeatu behar dira. Izan ere, horren ustez, "lan asko dago egiteko".

Fernandez: "Arrazionaltasunez, malgutasunez, lasaitasunez eta pazientziarekin eta perspektibarekin jokatu behar dugu"

Jonan Fernandezek esan du "helburua zerbait eraikitzailea" egitea dela eta eztabaida honetan mugak bi baino ez direla azpimarratu du: "terrorismoari eta indarkeriari zilegitasunik ez ematea eta 60 urtetan izan diren giza eskubide urraketa bakar bat bera ere ez ezkutatzea".

'Herenegun' programaren materialari lotuta 31 alegazio jaso ditu Hezkuntza Saialak. Fernandezek zehaztu duenez, zazpik materiala erretiratzea eskatzen dute; beste horrenbeste materiala altzearen aldekoak dira; eta hamaseik programa ontzat ematen dute.

Erretiratzea eskatu dutenen artean zenbait komunikabide, terrorismoaren biktimen elkarteak eta alderdi politiko batzuk daude. Biktimak askok, norbere izenean, ekimena babestu dute, baita unibertsitate eta ikastetxe gehientsuenek ere, kasu batzuetan hobekuntzak egitea proposatu arren.

"Elkarrizketaren bidez orain arte jasotako proposamenak gehitzea da asmoa, horrela adostasun zabalagoa lortuko dugulako", erantsi du.

EH Bildu: "Adostasun politikoa ia ezinezkoa da"

Bestalde, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi egin du koalizio soberanistak ez duela Jaurlaritzak landutako materiala babesten, eta arlo honetan erabateko adostasun politikoa lortzea "oso zaila eta ia ezinezkoa" dela iritzi dio.

"Horrelako programa batek akordio politiko zabala eskatzen du; EAJk ez zuen akordiorik bilatu eta, ondorioz, gaur ez dago akordiorik", kritikatu du.

Gauzak horrela, Arzuagak ohartarazi du hilabete batzuk barru programa hori ikastetxeetan martxan egon daitekeela, akordio politiko zabalik gabe.





Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena