Politika
Altsasuko auzia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Defentsako abokatuek azpimarratu dute epaia biktimen testigantzan soilik oinarritzen dela. Hortaz, absoluzioa eskatu dute berriro. Fiskaltzak, ostera, zigorrak handitzea galdegin du.
Albisteak (7)
Informazio gehiago (1)
Altsasuko auziaren epaia berrikusteko saioa egin dute gaur goizean Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan.
Altsasuko gazteen defentsek eskatuta, sei lekuko berrik deklaratu dute. Epaiketan ere eman behar zuten beren testigantza, baina orduan ez zieten utzi.
Lekuko horien arabera, Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek ez zuten Koxka tabernan izandako liskarrean parte hartu. Areago, Cob, gau hartan, Koxka tabernan izan ez zela azpimarratu dute.
Salaketa jarri zuten bi guardia zibiletako baten bikotearen lagun batek ere deklaratu du gaurko saioan, eta horrek ere antzeko adierazpenak egin ditu. Emakume gazteak esan du tabernan ez zela inolako erasorik izan eta kalera atera zenean, tenientea lurrean botata eta haren bikotea beldurtuta ikusi zituela. Emakumeari laguntza eskaini omen zion, baina uko egin ziola azaldu du.
Biharamunean, sakelako telefonoarekin mezua bidali zion nola zegoen jakiteko, baina ez zion erantzun, eta, orduz geroztik, ez dute berriro hitz egin.
Julen Goikoetxea eta Jon Ander Coben abokatuen iritziz, gaurko saioan agerian geratu da ez dagoela inolako frogarik gazteen istilu hartan parte hartu zutela ziurtatzeko, eta epaia biktimek emandako testigantzetan soilik oinarritzen dela salatu dute.
Lekuko berriak emandako azalpenak "oso adierazgarriak" izan direla uste dute, eta, ondorioz, Auzitegi Nazionalaren ebazpena aldatzeko balioko duten itxaropena agertu dute.
Gauzak horrela, Altsasuko gazteen abokatuek absoluzioa eskatu dute berriro.
Bestalde, Jose Peral fiskalak kartzela-zigorrak handitzea galdegin du. Mehatxu eta delitu terroristak egitea egotzita, 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea galdegin du. Alternatibatzat, 6 eta 17 urteko zigorrak eskatu ditu, terrorismo eta desordena publiko delituak leporatuta.
Estatuko Abokatuak fiskalaren eskaerarekin bat egin du. Covite terrorismoaren biktimen elkarteak eta Guardia Zibilen elkarteak akusazioa berretsi dute.
Jokin Unamuno, Ohian Arnanz, Adur Ramirez, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Aratz Urrizola eta Ainara Urquijo gazteei 2 eta 13 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkieten joan den ekainean, agenteen aurkako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzita.
Azkenean, ez zieten terrorismo deliturik leporatu, baina zigorrik handienak ezarri zizkieten.
BIDEOA | Bel Pozueta: "Hau dena muntaia bat izan da"
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa