Politika
Memoria historikoa
Agentziak | Erredakzioa
Sanferminak 78 Gogoan elkarteak aurkeztutako kereilak gizateriaren kontrako delitutzat jo ditu gertakariak. German Rodriguez gaztea tiroz hil zuten.
German Rodriguezen omenezko pankarta Iruñeko etxebizitza batean. Argazkia: @SF78gogoan
1978ko sanferminetan indarrez sartu zen Espainiako Polizia Iruñeko zezen-plazan, eta ondoren sortutako istiluetan German Rodriguez gaztea hil zuten tiroz. Gertakari horien erantzuleen kontrako kereila kriminala aurkeztu du gaur Sanferminak 78 Gogoan elkarteak. Martin Villa garai hartan Espainiako Barne ministro zenaren, hainbat kargudun publikoren eta buruzagi poliziaren kontrakoa da.
Kereilaren nondik norakoak aurkezteko prentsaurrekoa eman du goizean elkarteak. Lourdes Etxeberria abokatuak agerraldian azaldu duenez, gertakariok gizateriaren kontrako delitutzat jo dituzte, eta hilketa eta lesio-delituak gaineratu dizkiote horri.
Gertakarion ustezko erantzuleen aurkako kereila da, Villa ministroaren, garaiko gobernadore zibilaren, polizia komisario baten eta Espainiako Polizia eta Guardia Zibileko hainbat buruzagiren kontrakoa, alegia.
Etxeberriaren hitzetan, bere garaian bost sumario zabaldu zituzten gertakariokin lotuta, baina denak behin-behinean artxibatu zituzten. Hortaz, auzia "ez dago epaitua" eta kereila gehiago jar daitezke. Horren harira aurkeztu dute, bada, kereila Iruñeko epaitegi dekanoan.
Aurkeztutako kereilan gertakariak argitzeko hainbat froga berri eskatu ditu Sanferminak 78 Gogoan elkarteak. Besteak beste, bere garaian aurkeztu ez ziren dokumentuak, lekukotzak eta aurreko jazoerak kontuan hartzea.
78ko sanferminetako sarraskiaren arduradunen aurkako kereila kriminala aurkeztu dugu. pic.twitter.com/NCcxpIYBvc
— Sanfermines78gogoan (@SF78gogoan) 22 de enero de 2019
Sabino Cuadra elkarteko bozeramaileak gogorarazi duenez, 1978ko uztailaren 8 hartan Poliziak 5.000 gomazko pilota eta 2.000 ke-pote jaurti zituen. Pertsona bat hil eta beste 11 zauritu zituzten tiroz, eta ehunka lagunek kontusioak izan zituzten.
"40 urte egiarik eta justiziarik gabe"
Fermin Rodriguez German Rodriguezen anaiaren esanetan, 1978ko uztailaren 8an gertatutakoa "Estatu terrorismoaren delitua izan zen, aldez aurretik pentsatutakoa eta inongo bereizketarik gabekoa". Gogorarazi duenez, 15-80 urte bitarteko pertsonak artatu behar izan zituzten Iruñeko ospitaleetan.
"Horren aurrean, Espainiako Gobernuak ez digu inoiz azalpenik eman. German Rodriguezen senitartekook eta lagunok 40 urte daramatzagu egiarik eta justiziarik gabe", salatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa