17:12

Politika

Memoria historikoa

Gipuzkoak frankismoko krimenen 'egia judiziala' bilatuko du

Agentziak | Erredakzioa

Frankismoko krimenen aurrean Espainiako justiziak eraiki duen “errugabetasun harresiarekin” bukatzeko bide bat zabaldu nahi du Aldundiak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Frankismoko krimenen aurrean Espainiako justiziak eraiki duen “errugabetasun harresiarekin” amaitzeko bide bat zabaldu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako, kereila bat aurkeztuko du foru erakundeak. Lurraldean desagertutako bi pertsonaren kasuak erabiliko ditu, biktima guztien ordezkari sinboliko gisa.

Foru erakundea herri-akusazioa izango da prozeduran, eta biktimen familiak akusazio partikularra. Helburua kereila berehala Donostiako epaitegietara heltzea da.

Urratsa emateko erabakia asteartean onartu zuen Foru Gobernu Kontseiluak. Markel Olano ahaldun nagusiak, Denis Itxaso ahaldunordeak eta Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubide zuzendariak agerraldia egin dute asteazken honetan.

Batzar Nagusietako ordezkariekin eta foru erakundeko beste ordezkari batzuekin batera, Florencia Olazagoitia arrasatearraren eta Jose Ariztimuño Aitzol apaiz tolosarraren senideak ekitaldian izan dira. Biak Gerra Zibilean fusilatu zituzten, eta gorpuak sekula ez dituzte aurkitu.

Biak kasu “sinboliko eta adierazgarriak” dira, Aranzadi Elkartearen arabera, 1936 eta 1944 artean hil edo desagertu ziren 979 gipuzkoarrak ordezkatzeko, Vaquerok azaldu duenez.

“Auzi estrategikoaren” tresna erabiltzea erabaki du Aldundiak, frankismoarenak “gizateriaren aurkako krimenak direlako, eta ez dira preskribatzen”. “Jazarpen orokortu eta sistematiko baten testuinguruan” gertatu zirela uste du foru erakundeak, eta guztiak banan-banan ikertzea ez litzateke beharrezkoa, Anais Franquesa abokatuak azaldu duenez.

Frankismoarenak “gizateriaren aurkako krimenak dira; ez dira preskribatzen”

Florencia Olazagoitia militante sozialista, hiru seme-alabaren (2-10 urte) ama, 1936ko irailean atxilotu zuten Arrasaten, umedun zegoenean. Fusilamendu eta lur eman zioten lekuaren inguruko bertsio ezberdinak daude, baina ziurtasunik ez.

Era berean, Jose Ariztimuño apaiz, kazetari, idazle, euskaltzale eta EAJko kidearen gorpuzkiak non dauden ez dakite senitartekoek. ELA-STVren bidez langileen mugimenduarekin lotura estua izan zuen Ariztimuñok. Gerra hasi zenean, atxilotu, torturatu eta fusilatu zuten.

Nati Roa Florenciaren biloba eta Coro Arrue Aitzol-en iloba txikia gertatutakoaren egia ezagutzeko biktimen beharraz mintzatu dira. Horretarako, inguruabarrak argitzeko, artxibatutako dokumentuak erraztea beharrezkoa dela uste dute.

“Horrela, zauri asko itxiko dituzte, eta atsekabe handiarekin amaituko da”, ziurtatu du Nati Roak. “Hobietan eta arekatan botatako pertsona guztiak” ez ahaztea eskatu du Coro Arruek. “Kereilak zerbait positiboren hasiera izatea espero dut”, erantsi du.

1975eko eta 1976ko torturak

Bestalde, Jesus Muñecas Guardia Zibileko kapitainari torturak egotzita, salaketa aurkeztu dute sei pertsonak Tolosan. Elkarretaratze batek biktimak babestu ditu. Era berean, Tolosako Udalak aho batez babesa eman die salatzaileei.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere, PPren abstentzioarekin, salatzaileak babestu dituzte.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena