Politika
Atxiloketa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
74 urteko gizona epailearen aurrera eramango dute datozen orduotan. Segurtasun Sailak atxiloketaren berri eman du, baina ez du horretarako erabili dituzten frogei buruz ezer argitu.
Erasoa jasan zuen Amurrioko baserria. Argazkia: aiaraldea.eus
Ustez Amurrioko baserri baten aurka tiro egiteagatik identifikatutako 74 urteko polizia ohia atxilotu du gaur Ertzaintzak (ezker abertzaleko familia bat bizi da baserri horretan).
Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez, atxilotua aurki eramango dute epailearen aurrera.
Hasiera batean, Ertzaintzak eraso horretarako erabilitako munizioa aurkitu zuen atxilotuaren etxebizitza miatzen ari zela. Aldiz, ez zuen ustezko erasoa egiteko erabili zuen pistola topatu. Behin pistola aurkituta, ikerketa iturriek zehaztu dute 9 milimetroko balarekin egin zuela tiro Amurrioko Lezama auzoko baserriaren kontra.
Iturri horien arabera, erretiroa hartu zuenean arauzko pistola Segurtasun Indarrei eman zien atxilotuak. Dena dela, lanean diharduten bitartean bigarren arma bat ere izan dezakete poliziek, eta erretiroa hartzerakoan aukera dute pistola horrekin geratzeko, baldin eta horren erabilera justifikatzen badute.
Nolanahi dela, oraingoz, Segurtasun Sailak polizia ohiaren atxiloketa soilik baieztatu du, baina ez du gizon hori atxilotzeko izan dituzten frogen inguruko informaziorik zabaldu.
Erasoa gertatu zen unean bikote bat zegoen baserri barruan. Hala ere, ez zuen inor zauritu, baina sukaldeko leihoko kristala hautsi zuen.
Ezker abertzaleak gogor kritikatu zuen erasoa, kutsu politikoa zuela argudiatuta. Gainera, EAJk zuzendutako Amurrioko Udaleko alderdi guztiek aho batez gaitzetsi zuten Lezamako baserri horretan jazotakoa.
EH Bilduk positibotzat jo ditu erasoa argitzeko bideratutako neurriak
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak positibotzat jo du Amurrioko erasoa ikertzeko hartutako edozein neurri.
Donostian emandako prentsaurrekoan polizia nazional ohiaren atxiloketari buruz mintzatu da Arzuaga, eta esan du koalizio abertzalearentzat "sinesgaitza" dela ikerketa horretan "kautelazko neurririk" ez hartzea, erasotzaileak "frogak desagerrarazi edo antzeko erasoak egin ditzakeelako".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa