22:30

Politika

Katalunia

'Elkarrizketa sinesgarria, zintzoa eta ausarta' eskatu dio Torrak Estatuari

Agentziak | Erredakzioa

Urte bukaerako mezuan, Generalitateko presidenteak "injustiziaren kontra egiteko eta zapalketaren harresiak botatzeko" deia egin du, eta independentismoaren batasuna eskatu du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Quim Torrak, Generalitateko presidenteak "injustiziaren kontra egiteko eta zapalketaren harresiak botatzeko" deia egin du, datorren urtera begira, prozesu independentistaren epaiketa egingo denean, eta Konstituzio Auzitegiak baliogabetutako lege sozialak betetzeko tramitazioa martxan jarriko duela esan du.

Urte bukaerako mezuan, Torrak zera defendatu du: "Laster hasiko den urtea askatasunaren agindu demokratikoa burutzeko balio behar zaigu", eta Robert Kennedyren hitzak aipatu ditu. Soilik asko arriskatzen dutenek asko lortu dezaketela esan zuen senatari estatubatuarrak.

Hitzaldian, presidenteak batasuna eta elkartasuna eskatu du, eskubide zibil, sozial eta politikoen defentsan, "sendotze demokratikoan urte asko atzera botatzen gaituen oldarren aurean".

"Batasunean indartsuago izan behar gara", adierazi du Torrak. Horrekin batera, eztabaidari, negoziazioari eta nazioarteko bitartekaritzari aipamena egin die Kataluniako egoera politikoari irtenbidea bilatzeko.

Gainera, giza eskubideen defentsa aldarrikatu du, "mesfidantzak eta desadostasunak albo batera utzita, eta elkartasuna herri osoko adierazle izanda".

Gainera, "elkarrizketa sinesgarria, zintzoa eta ausarta izateko borondatea" eskatu dio Espainiako Estatuari, "irtenbide politikoa eta demokratikoa izateko", eta muturreko eskuina eta faxismoa isolatu ahal izateko.

Torraren iritzian, egungo egoera politikoa "oso larria" da, baina gaineratu du itxaropenari eta autokonfiantzari eusteko borroka utzi duela 2018ak.

Zentzu horretan, Generalitateko presidentearen hitzetan, Kataluniako gizartearen % 80 ados dago hiru gaitan: "errepublikanoak garela eta horrela sentitzen garela; ez dugula zigor-errepresiorik onartzen auzi politikoak eta demokratikoak konpontzeko, eta autodeterminaziorako eskubidea gauzatu nahi dugula".

"Berriro aurrea hartzeko, denbora eta indarrak areagotzea" proposatu die katalanei Generalitateko presidenteak, horren esanetan, bakarrik askatasun kolektiboak ekar dezakeelako espetxean eta atzerrian dauden preso independentisten askapena.

Bestalde, 2018ak Katalunian utzitako "datu ekonomiko onak" azpimarratu ditu Torrak, hala nola, BPGen hazkundea 20 hiruhilekoz jarraian, langabezia-tasaren beherakada 60 hilabetetan, eta esportazioen gorakada.

Amaitzeko, demokrazia, justizia eta bakea defendatu ditu, eta urriaren 1eko eta urriaren 3ko ausardia, indar kolektiboa eta duintasuna azpimarratu ditu, esanez: "prest gaude askatasunaren urterako, gerturatzen ari baita".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena