19:37

Politika

Ministroen Kontseilua

Kataluniarentzat neurri sinbolikoak onartu ditu Pedro Sanchezen Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Generalitateak akordio "estetikoak" direla kritikatu du: "Aireportuaren izena aldatzeko edo 2009an esandakoa errepikatzeko, agian ez zen beharrezkoa Bartzelonara etortzea".

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak positibotzat jo du atzo Pedro Sanchezek eta Quim Torrak egin zuten bilera, eta Kataluniako gatazka konpontzeko bidea elkarrizketa dela berretsi du. Ildo berean, ukatu egin du independentistei "kontzesioak" egiten ari direnik.

Hala adierazi du Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak Bartzelonan, Ministroen Kontseilua amaituta egin duen agerraldian.

Batzar horretan Espainiako Gobernuak Kataluniari zuzendutako zenbait neurri onartu dituela jakinarazi du. Besteak beste, El Prat aireportuari izena aldatu diote eta aurrerantzean El Prat- Josep Tarradellas izango da. Tarradellas Generalitateko presidentea izan zen erbestean.

Halaber, Lluys Companys Generalitateko presidente ohia aintzat hartzeko adierazpen publikoa onartu dute. Companysek erbestera ihes egin behar izan zuen, baina harrapatu egin zuten eta, Francok aginduta, 1940ko urriaren 15ean fusilatu egin zuten Montjuicen.

Horrez gain, 112 milioi euroko esleipenak onartu dituzte Espainiako ministroek, Kataluniako hainbat azpiegitura hobetzeko.

Generalitateak neurri "hutsalak" direla kritikatu du

Bestalde, Elsa Artadi Kataluniako Gobernuko bozeramaileak esan du Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak "hutsalak" eta "estetikoak" direla, eta iragarpen horiek egiteko ez zela beharrezkoa Bartzelonara joatea.

"Aireportuaren izena aldatzeko, 2009an esandakoa errepikatzeko –Zapateroren Gobernuak Companysen aldeko adierazpena egin zuen orduan- eta duela 10 urte promestutako eta oraindik gauzatu barik dauden obrak iragartzeko, agian ez zen beharrezkoa Bartzelonara etortzea", kritikatu du Artadik.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseilua Bartzelonan egiteak eragin dituen arazoak eta segurtasun neurriak ekidin zitezkeela azpimarratu ditu.

Aireportuari dagokionez, Artadik esan du Generalitateak ez duela inolako arazorik izen aldaketarekin, baina erabakia haiekin kontatu gabe, "aldebakarrez" hartu izana deitoratu du, eta gogora ekarri du "arazo nagusia aireportuaren kudeaketa" dela eta ez haren izena.

Compaynsen hilketa gaitzesteko adierazpenaren harira, Artadik zehaztu du ez dela berria, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak ere antzeko adierazpena egin baitzuen 2009an.

Gauzak horrela, harago joan dadila eskatu dio Pedro Sanchezi, eta frankismoan egindako epaiketa guztiak baliorik gabe uzteko Kongresuan ekimen bat abiarazi dezala galdegin dio.

Kataluniako hainbat autobide hobetzeko akordioari dagokionez, Artadik argitu du obra horiek duela 10 urte esleitu zirela, baina inoiz ez direla gauzatu.

Espainiako Gobernuko ministroen bilera Bartzelonan egin izan probokaziotzat jo dute Errepublikaren Defentsarako Batzordeek eta gaur mobilizazio jendetsuak eta protesta ugari izan dira. Istiluak ere egon dira. Mossoek manifestarien kontra egin dute eta gutxienez 12 atxilotu eta 50 bat zauritu izan dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena