Politika
'Proces'
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzaren hitzetan, akusatuen ekintzak “Espainiako interes orokorraren aurkako eraso larri” bat izan ziren. Defentsek, ostera, Gorenean “botere politikoaren esku-sartzea” posible ikusten dute.
Auzitegi Gorenaren Sala. Argazkia: EFE
'Proces' delakoaren akusatuak Auzitegi Gorenean epaitzea defendatu du Fiskaltzak, Kataluniako politikarien ekintzak “Espainiako interes orokorraren aurkako eraso larri” bat izan zirelako. Defentsek, aldiz, epaiketa Katalunian egitea eskatu dute, Gorenean “botere politikoaren esku-sartzea” posible ikusten dutelako.
Astearte honetan epaiketaren atarikoak mahai gainean izan dituzte saioan. Akusatuak ez dira aretoan izan, eta Gorenaren epaitzeko eskumena aztertu dute aldeek, epaimahaiaren aurrean. Epaimahaia zazpi magistratuk osatzen dute, eta Manuel Marchena da presidentea.
Fiskaltzak argi du: 'proces'a “Espainiako interes orokorraren aurkako eraso larri” bat izan zen, Konstituzioa indargabetzen eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzen saiatu zirelako; eta Estatuak 155. artikulua aplikatu behar izan zuen. Jaime Moreno eta Consuelo Madrigal dira fiskalak.
155. artikulua erabakigarria da Fiskaltzarentzat, hura martxan jartzeko baldintza batzuk bete behar direlako: “Kataluniak eginbeharrak ez betetzea” eta “ordena konstituzionalaren kontrako eraso” bat. Horrek “erkidego autonomoaren eskuduntza gainditzen du” eta “emaitza lurralde nazional osoan proiektatzen du”.
Akusazio partikularra (Vox) eta Estatuko Abokatutza uste berekoak dira. Estatuko abokatuaren ahotan, defentsek beraiek onartu dute prozesu independentista babesteko nazioartean ekintzak aurrera eraman zituztela, eta hori Gorenaren “eskumena justifikatzeko nahikoa da”.
Defentsen esanetan, ostera, irakurketa “oso behartua” egin dute eskumena justifikatzeko, balizko delitua “babesteko gertakariak” soilik jazo zirenean. Erreguzko mandaturik beharrezko izan ez dela azpimarratu dute, ondorioz, “nazioarteko ikerketa baten erabateko gabezia nabaria da”.
“Bruselako BBVA sukurtsal batean egindako ordainketa batek” edo “atzerrian emandako autodeterminazio eskubidearen inguruko hitzaldi batek” eskumena zehaztea “ez da posible”, abokatuek nabarmendu dutenez.
Guztia Katalunian gertatu zen. Matxinada, sedizio, desobedientzia eta diru publikoak bidegabe erabiltzerik izatekotan, erkidego autonomoan gertatu dira; plangintza, akordio eta egikaritzea Katalunian izan zen, argudiatu dutenez.
Katalunian epaiketa egiteko Artur Mas president ohiaren aurkako auzia aurrekari nagusi gisa hartu du defentsak. Kataluniako Auzitegi Nagusiak Mas iaz epaitu zuen A9ko galdeketagatik.
“Masekin inork ez zuen eskumena Auzitegi Gorenarena zela planteatu. Aizue, ez dira 30 urte pasa”, adierazi du Jordi Pinak, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turullen abokatuak.
Oriol Junquerasen abokatuak politikari egin dio erreferentzia. “Politikariak, politika egiten”, gogorarazi du.
Jordi Cuixarten abokatua gogorrena izan da: “Auzitegi Gorenean, Botere Judizialaren tontorrean, botere politikoaren esku-sartzea begi-bistakoa da”.
Atariko kontuak ebazteko egun bakarreko epea ezartzen du legeak, baina auzitegiaren erabakia ezagutzeko egun batzuk gehiago behar izatea posible da, iturri juridikoek azaldu dutenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa