Politika
Aurrekontuen negoziazioa
Agentziak | Erredakzioa
Hala eta guztiz ere, Exekutiboak ezarritako epea agortu arte, “azken minutura arte”, koalizioa jarrerak hurbiltzen saiatuko dela ziurtatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak.
Albisteak (3)
Aurrekontuak adosteko, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan egindako azken eskaintza “nahikoa ez eta onartezina” dela adierazi du EH Bilduk. Horregatik, Exekutiboak itun bat itxi nahi baldin badu, proposamen berri bat aurkeztu beharko duela ohartarazi du.
Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak ezarritako epea agortu arte, “azken minutura arte”, koalizioa jarrerak hurbiltzen saiatuko dela ziurtatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Epea gauerdian bukatzen da.
Iriartek deitoratu duenez, Exekutiboak asteazken honetan aurkeztutako eskaintza berria iragan astelehenean helarazitako “ia berdina” da, ondorioz, “nahikoa ez, onartezina da, argi eta garbi”.
“Une honetan ezin daiteke Eusko Jaurlaritzarekin akordiorik adostu, murrizketa sozialei eusten dielako eta emakumeei, pentsiodunei eta lan prekarioak dituzten pertsonei bizkarra ematen ari zaielako”, salatu du.
EH Bilduk negoziazioetan dagoeneko “asko eman” duela azpimarratu du Iriartek. Jaurlaritzari planteatu zioten azken proposamenean hiru lehentasun ezarri zituztela gogorarazi du: erretirodunek 858 euro baino gutxiago ez kobratzeko gutxieneko pentsioak osatu, osagarrien babesa zabaldu 190.000 pertsona baino gehiago laguntzeko, eta diru publikoarekin finantzatutako lanetan eta kontratu esleipenetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea.
Exekutiboa gutxieneko pentsioak 858 euroraino iristeko osagarria datorren urtetik aurrera aplikatzeko “prest ez” dagoela kritikatu du koalizioko ordezkariak. Antza denez, 2021etik aurrera martxan jartzeko asmoa du Jaurlaritzak.
Gainera, pertsona behartsu gehiagok eskuratu ahal izateko, Exekutiboak osagarri horien babesa zabaltzeko “konpromisorik” ez du hartu nahi, salatu duenez. Era berean, kontratu publikoetan gutxieneko soldatarik ezartzeko asmorik ez du Jaurlaritzak, erantsi duenez.
Hala eta guztiz ere, EH Bilduk “etsiko ez” duela ziurtatu du Iriartek. Koalizioko ordezkariaren esanetan, “eskua luzaturik” mantenduko dute, Jaurlaritzak ezarritako epea amaitu arte.
Koalizioak Exekutiboari “ultimatumik” planteatuko ez diola adierazi du Iriartek, baina Jaurlaritzak akordio batera heldu nahi baldin badu eskaintza berri bat egin beharko duela ohartarazi du, “oraindik denbora dagoelako”. “Erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku dago; bere erantzukizuna da”, gaineratu du.
Gure talde parlamentarioak lanean jarraitzen du aurrekontu hobeak lortzeko, pentsiodunen, emakumeen, gazteen eta, oro har, herritar guztien bizitza hobetzeko. Ez dugu etsiko. Ultimatumik gabe. Arduraz.#Aurrekontuak2019 pic.twitter.com/nfhQi1INXY
— EHBildu Legebiltzar (@ehbildu_legebil) 12 de diciembre de 2018
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa