Politika
2019ko aurrekontua
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren azken proposamena “nahikoa ez” dela uste du koalizioak, baina “aurrekontu prozesuak aurrera jarraitzea” erraztuko du astearte honetako osoko bilkuran.
Albisteak (3)
EH Bilduk ez du babestuko 2019ko aurrekontu proiektua itzultzea astearte honetan, eta prozeduraren amaierara arte (abenduak 21) Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko du.
Exekutiboaren azken proposamena “nahikoa ez” dela uste du koalizioak, baina “aurrekontu prozesuak aurrera jarraitzea” erraztuko du astearte honetako osoko bilkuran, Legebiltzarrak osoko zuzenketak bozkatuko baititu.
Horrela, koalizioak negoziazioa agortuko du, abenduaren 21era arte. Ordurako akordiorik ez baldin badago, ebazpenaren aurkako botoa eman eta proiektua atzera bota dezake.
Zentzu horretan, “amore emateko” asmorik ez dutela eta Jaurlaritzarekin akordio batera heltzeko “azken minutura arte lan egin eta borroka” egingo dutela azpimarratu du EH Bilduk.
Koalizioaren ahotan, aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko, Exekutiboak “abenduaren 21era arte du”, euren proposamena aintzat hartzeko. “Oraindik ez dute egin, helarazi dizkiguten eskaintzak guk mahai gainean jarritako proposamenetatik oso urrun baitaude”, erantsi du.
Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute Donostian. Jaurlaritzak azken orduetan erabilitako “moduak” kritikatu dituzte, eta horregatik “harridura” agertu dute. “Elkarrizketak oraindik zabalik daudenean, azken proposamena komunikabideei filtratzea ez da onargarria”, salatu dute.
Azken asteetan eta aurrekontuen negoziazioan “pentsiodunen eta gure gizartean okerren pasatzen ari diren pertsonen egoera agenda politikoaren erdian kokatzea” lortu dutela azpimarratu du koalizioko bozeramaileak.
Eusko Jaurlaritzak “aurten 700 milioi gehiago ditu, eta aurreko urteko aurrekontuaren 500 milioi euro baino gehiago ez ditu gastatu”, Iriartek eta Kortajarenak gogorarazi dutenez. “Baldintza hauetan aurrekontua aurrera ez ateratzea izugarrizko arduragabekeria litzateke”, ohartarazi dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa