Politika
Andaluziako hauteskundeak
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko hautagaiak eskuin muturra gelditzeko deia egin du, eta Morenok (PP) eta Marinek (Cs) inbestidurara aurkeztuko direla iragarri dute.
Susana Diaz, hauteskunde gauean / Argazkia: EFE.
Susana Diaz PSOEko hautagaiak (33 eserleku) Andaluzian eskuin muturra gelditzeko deia egin die alderdiei, eta PPri eta Ciudadanosi etorkizuneko gobernua Voxekin lotuko duten argitzeko eskatu die.
Galderarik onartu ez duen hitzaldi batean, PSOEko agintariz eta militantez inguratuta, Diazek esan du bere alderdiak hauteskundeak irabazi dituela eta ezkerraren atzerakadaren arrazoia parte-hartze txikia izan dela.
Hautagai sozialistak aurreratu du astelehenetik aurrera alderdi guztiekin hitz egingo duela, eta Andaluziako hurrengo gobernua "eskuin muturrarekin" lotzeko prest dauden argitzeko eskatu die PP eta Ciudadanos alderdiei.
Aldaketa gidatu nahi du Morenok
Juanma Moreno PPko hautagaiak (26) nabarmendu duenez, Andaluzian "aldaketak irabazi" du, PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatu ahalko luketen hirukoak gehiengoa izango bailuke. Juntako presidentea izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du.
Txalo eta "Bai, bai, hemen da aldaketa" oihu artean hartu dute jarraitzaileek, jendez gainezka zegoen prentsa aretoan. Andaluziak aldaketa nahi duela eta aldaketa egongo dela nabarmendu du Morenok, eta Parlamentuan ordezkaritza lortu duten talde guztiekin lanean hasiko dela adierazi du, "helburu batekin: gehiengo alternatiboa lortzea".
Marin inbestidurara aurkeztera animatu du Riverak
Juan Marin Ciudadanoseko hautagaia (21) euforiaz hartu dute jarraitzaileek, "orain bai" eta "presidente, presidente" oihu artean. Horren hitzetan, "soilik zentroko proiektu batetik zuzendu daiteke aldaketa, proiektu moderatu, zentzuzko eta konstituzionalista batetik".
Albert Rivera alderdiko presidentea ere ondoan zuela iragarri duenez, Ciudadanosek Andaluziako Juntako burua izateko hautagaitza aurkeztuko du inbestiduran, "gora egiten duenak zuzendu behar baitu aldaketa", horren hitzetan.
"Eskuin muturrari aurre egingo" diotela esan du Rodriguezek
Teresa Rodriguez Adelante Andaluciako hautagaiak (17) Podemosek eta IUk osatzen duten koalizioaren eginkizuna "eskuin muturrari aurre egitea" izango dela esan du. "Ez dira pasatuko!" oihu antifaxista entzun da aretora sartu denean.
"Gehien arduratzen nauena ez da hiru diputatu gutxiago lortu izana, baizik eta Andaluziari gertatuko zaiona", esan du Rodriguezek, Podemosek (15) eta IUk (5) 2015ean eskuratutako 20 eserlekuei erreferentzia eginez.
"Argi eta garbi salatuko dugu eskuin formaltzat hartutako alderdiek (eskuin muturraren) ildo beretik aritzea; arrazakeria, matxismoa, transfobia edota homofobia direnean, aurrean izango gaituzte", esan du.
"Errekonkistaz" hitz egin du Voxeko hautagaiak
Francisco Serrano Voxeko hautagaiak (12) bere alderdia "Andaluzian aldaketa egoteari bide emango diona" izango dela esan du. "Errekonkista" deitu dio Serranok aldaketa horri.
Sevillako hotel batean, jarraitzaileen aurrean, hauxe esan du eskuin muturreko hautagaiak: "Esaten egon gara, gaur gauean historia egingo genuela, eta zuei esker egin dugu".
"Gaur, hemen, aldaketaren aldeko benetako Andaluzia dago bilduta. Gehiegi generaman betikoarekin. Gu gara aldaketari bidea emango diona, hobekuntza, Errekonkista", adierazi du.
"Alderdi birsortzailea gara, ez hortik guri buruz esaten dutena, eta orain da ozen esateko garaia, hona heldu garela geratzeko, eta Voxi esker Andaluzian marmotaren eguna bukatu dela", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa