Politika
Katalunia
Gose greba mugagabea hasi dute Turullek eta Sanchezek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lledonerseko kartzelan dauden preso independentistek hainbat protesta ekintza egingo dituzte, euren egoera salatzeko.
-
Sanchez, Junqueras, Turull, Forn, Cuixart, Rull eta Romeva, Lledonersen. Argazkia: @omnium
Jordi Sanchez eta Jordi Turull JxCat taldeko diputatuek gose greba mugagabea hasi dute Lledonerseko espetxean, eta goizean eman diote kartzelako zuzendaritzari protesta ekintzaren berri.
Elisenda Paluzie ANCko presidenteak jakitera eman duenez, Kataluniako preso independentista guztiek ekintza sorta bat abiatuko dute, euren egoera salatzeko eta nazioartean oihartzuna izateko. 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaituko dituzte, urtarriletik aurrera.
Sanchezen eta Turullen abokatuak, Jordi Pinak, prentsaurrekoa eman du Bartzelonan, eta presoen izenean agiri bat irakurri du. "Justizia" aldarrikatu dute preso independentistek, eta Auzitegi Konstituzionalen aldetik jasaten ari diren "justifikaziorik gabeko bazterketa" salatu dute.
Pinak gogora ekarri duenez, zortzi babes helegite aurkeztu dituzte preso independentistek Auzitegi Konstituzionalean, eta horiek aintzat hartzea exijitzen dute. Gose grebaren bidez, Sanchezek eta Turulluk "mundu osoko, Europako, Espainiako eta Kataluniako demokrata guztien babesa" bilatu nahi dute, "bizi duten egoera bidegabeari amaiera emateko".
Omnium Cultural elkarteak sare sozialen bidez Lledonerseko espetxean dauden zazpi preso independentisten argazki bat zabaldu du. Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Jordi Turull, Quim Forn, Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raül Romeva ageri dira irudian, ondorengo esaldiak lagunduta: "Gaur, atzo eta bihar, batasuna, zuhurtzia eta ausardia. Gora errepublika!".
Avui, com ahir i com demà: unitat serenor i coratge. Visca la República! #LlibertatPresosiPresesPolítiques pic.twitter.com/HTS9ds09VH
— Òmnium Cultural (@omnium) 1 de diciembre de 2018
Kasu hauetan ez dagoela bi hilabete baino gehiagoko biziraupenik azaldu du medikuak
Jaume Padrosek, Sanchez eta Turullen mediku pertsonalak eta Bartzelonako Medikuen Elkargoko presidenteak,azaldu duenez, gose-greba mugagabea hasi dute, larunbatetik aurrera. Berak azaldu dizkio larritasuna eta arriskuak, baita heldu litezkeen eragozpenak.
Esan duenez, kasu hauetan ez dago bi hilabete baino gehiagoko biziraupenik. Espainiar Estatuan ez dela egon horrelako aurrekaririk azpimarratu du Padrosek, eta jarraipena egiteko adituen batzordea sortuko dela iragarri du. Horiek zehaztuko dute beharrezkoa izango den laguntza, eta presoen osasun egoera azalduko dute.
"Justiziaren eta Zuzenbide Estatuaren bermeak dituzte"
Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvoren arabera, Sanchez eta Turullen "erabaki pertsonala errespetatu daiteke", baina denak berdinak dira legearen aurrean, eta "Justiziaren eta Zuzenbide Estatuaren bermeak dituzte".
Calvok nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak "erabateko konfiantza" dauka Justizian eta bere independentzian, eta argitu du Exekutiboak ez duela "horri buruzko inolako erabakirik hartzen", preso dauden politikari independentistak "beste botere baten esparruan, judizialarenean" daudelako. Azpimarratu duenez, "hiritar guztiek dituzten garantiak izango dituzte, dauden egoera zeinahi den ere, hartzen dituzten erabaki pertsonalak zeinahi direla ere".