Politika
Txostena
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Coviteren arabera, egile materialak, intelektualak, konplizeak eta kolaboratzaileak zigortu arte, hilketak ez dira "konpondutzat" eman behar.
Teresa Díaz Bada, Consuelo Ordóñez eta Cristina Cuesta. Argazkia: EFE
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ETAren kontrako epaiak aztertzen dituen txostena aurkeztu du astelehen honetan. Bertan jaso dituzten datuek erakusten dutenez, ikertutako 362 atentatuetatik % 93,37ari Justiziak ez dio oraindik "konponbiderik" eman, batez ere, ez duelako horien egile intelektualak nortzuk izan diren argitu.
Txosten horren arabera, ETAk egindako 800 atentatuetatik ia 400ean ez dute inor epaitu. "Nolabait esateko, zigorgabetasuna % 40tik gorakoa da", dio txostenak.
Coviteren arabera, egile materialak, intelektualak, konplizeak eta kolaboratzaileak zigortu arte, hilketak ez dira "konpondutzat" eman behar.
Gauzak horrela, txostenak zehazten du ikertutako atentatuetatik 26tan soilik argitzen dutela egile intelektuala nor izan den, alegia, kasuen % 7,18an. Horrek esan nahi du atentatuen % 93,37 "konpondu" gabe daudela.
Gainera, 26 hilketa horietatik bitan ez dute egile materialari buruzko ebazpenik eman. Hortaz, 24 atentatu soilik argitu dituzte % 100ean. 1992an ETAk hildako Manuel Brosetaren eta 1982an eraildako Emilio Fernandez Ariasena dira, hain zuzen, aipatutako bi atentatuak.
Bestalde, 1977ko urtarriletik 2009ko abendura izandako atentatuetako 572 epai ikertu dituzte (540 biktima eragin zituzten). Artxibatutako sumarioak, ordea, ez dituzte aztergai izan.
Ildo horretan, Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak azpimarratu du Estatuak biktimekiko erakusten duen "zabartasuna, arduragabekeria eta utzikeria" nabarmena dela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa