Politika
Biktimak
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Taldearen presidente Consuelo Ordoñezek, "ETAko azken kidea atxilotu arte lanean jarraitzea" eskatu du. "Beharrezkoak" izan zirela eta izaten jarraitzen direla aldarrikatu du.
Díaz Bada, Ordoñez eta Cuesta, Coviteren fundatzaileak, 10. urteurrenean / Argazkia: EFE.
Terrorismoaren Biktimen Taldeak, Covitek, bere izatearen beharra aldarrikatu du 20. urteurrenean. "Beharrezkoak izan ginen eta izaten jarraitzen gara", esan du Consuelo Ordoñezek. Ez dutela inoiz "bakearen biktimak" izan nahi eta orain ere ez dutela izan nahi azpimarratu du, eta "ETAko azken kidea atxilotu arte lanean jarraitzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari, ETAren "behin betiko porrotaren argazkia" nahi dutelako.
Donostiako Miramar Jauregian ospatu du ekitaldia Covitek. Bertan izan dira 1998ko azaroaren 28an taldea sortu zuten hiru biktimak: Consuelo Oroñez, ETAk 1995eko urtarrilaren 3an hildako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñezen arreba; Teresa Diaz Bada, ETAk 1985eko martxoaren 7an hildako Carlos Diaz ertzainaren alaba, eta Cristina Cuesta, Komando Autonomo Antikapitalistek 1982ko martxoaren 26an hildako Enrique Cuesta Telefonicako ordezkariaren alaba.
Fundatzaileez gain, beste biktimak eta Euskadiko PPko oraingo eta iraganeko kideak izan dira bertan.
Hitzaldian, Ordoñezek azpimarratu du Covitek "gogor eusten jarraituko" duela, oraindik "konpontzeke dauden erronkak" dituelako. Horien artean dago "kontakizunaren borroka irabaztea" eta ETAren proiektu politikoari "zilegitasuna kentzea". "Gure independentzia mantentzeko borrokan jarraituko dugu. Gorroto gaituzten guztiek gogortu gaituzte, eta zailtasunek indar handiagoa ematen digute", azpimarratu du.
Ordoñezentzat, Coviteren azken aroan zenbait "momentu historiko" daude, hala nola, Aieteko konferentziara protesta egitera joan zenekoa eta "ETAren armagabetzearen gezurra saldu nahi zuten negoziatzaileek" Bilbon bilera egin zutenekoa eta "Auzitegi Nazionalean bukatu zirenekoa".
"Min handiena eman diguna gobernu desberdinak gure familiarren hiltzaileekin negoziatzen ikustea izan da. Oso mingarria izan zen Zuzenbide Estatua ETAren aurrean belauniko jarri zenean", gehitu du.
Gainera, "ETAren amaiera garaile eta garaiturik gabe" eman izana salatu du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio "ETAren porrotaren bukaerako argazkia". "Argazki hori sor digute. Behin betiko porrota nahi dugu, ETAko azken kidea atxilotu dezatela", nabarmendu du.
Altsasu auziari aipamena
Altsasu auzia ere aipatu du Ordozeñek. Pozik agertu da "merezi duten zazpi pertsonak kartzelan egoteagatik".
Bestalde, Diaz Badak esan duenez, orain dela 20 urte "euskal herritar gehienek gure aurrean erakusten zuten erruki faltagatik batu ginen", baita “erakundeengandiko babesgabetasunagatik” ere.
Ekitaldian Coviteren Nazioarteko Saria jaso duten zenbait pertsonak ere hitz egin dute. Guztiak bat etorri dira taldearen "duintasuna" eta "ongiaren defentsa" nabarmentzeko orduan, eta denak Covitek aurrera jarraitzearen alde agertu dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa