Politika
Eskubidea
Agentziak | Erredakzioa
Legebiltzarrean ordezkatuta dauden talde politikoek iritziz aldatzen ez badute, laster onartuko da Lege Proposamena. PP izan da horren kontra bozkatu duen bakarra.
ETBk emititutako bideo batetik hartutako irudia.
Eusko Legebiltzarrak euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko Lege Proposamena tramitera onartu du ostegun honetan. Herritar orok euskara jakiteko eskubidea izatea du helburu ekimen horrek.
EH Bilduk aurkeztutako proposamena gehiengo zabal baten babesarekin atera da aurrera. Izan ere, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean araututa dagoen bezala, herritar guztiek dute euskara jakiteko eskubidea.
Legebiltzarrean ordezkatuta dauden talde politikoek iritziz aldatzen ez badute, laster onartuko da tramitera onartu berri den Lege Proposamena. PP izan da horren kontra bozkatu duen bakarra, alderdi horren esanetan, “ez baita beharrezkoa”. Juana Bengoechea PPko legebiltzarkidearen iritziz, “diskriminatzailea, askatasunaren kontrakoa, xantaiagilea eta arauen kontrakoa da”. Ildo horretatik, ekimenak “hotzikara” sorrarazten diola ziurtatu du.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea nabarmen haserretu da adierazpen horiekin. Hala, koalizio abertzaleak aurkeztutako lege proposamenaren kontra “argudio barregarriak eta faxistak” erabili izana leporatu dio Bengoecheari. Gainera, herritar guztiek euskara jakiteko eta hizkuntza doan ikasteko eskubidea dutela gogorarazi dio PPko legebiltzarkideari.
Uberak azaldu duenez, gaur egungo hezkuntza-sistemak ez du euskararen ezagutza bermatzen, eta helduak diren pertsona askorentzat sarritan ezinezkoa da euskara ikastaroak ordaintzea. Arrazoi horregatik, legea “behar-beharrezkoa” dela azpimarratu du.
Lege proposamenak hamaika artikulu ditu, herritar guztiek euskara jakiteko eskubidea izan dezaten. Halaber, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko behar besteko dirua bideratzea eskatzen da EAEko aurrekontuetan.
Adingabeei dagokienez, “derrigorrezko irakaskuntza bukatutako ikasle guztiek B2 maila egiaztatu behar izango dute titulua jasotzeko”.
Helduen kasian, bi hizkuntza ofizialak ikastea doakoa izango da B2 maila lortu arte, Hizkuntza Eskola Ofizialetan edo euskaltegi publiko edo homologatuetan, “azterketa gainditzea baldintza izan gabe”.
Gainera, kanpotik iristen diren ikasleek ere euskara ikasteko aukera izango dute, laguntza bereziak ematea aurreikusita baitago.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa