15:51

Politika

MEMORIAREN EGUNA

Indarkeriaren bost biktimak euren lekukotzarekin jantzi dute Memoriaren Eguna

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñigo Urkullu lehendakariak barkamena eskatu du berriz ere, azken 60 urte hauetan euskal gizarteak eta instituzioek izan duten jarreragatik.

0:49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Memoriaren Eguneko ekitaldi nagusia Donostiako Miramar Jauregian izan da gaur goizean, eta bertan, bost biktimaren lekukotzak entzun ahal izan dira, "euren aitaren hilketak haurtzaroa eta nerabezaroa zapuztu zien bost pertsonen lekukotzak", hain zuzen ere: Naiara Zamarreño, Ainara Olaciregui eta Sandra Carrasco, ETAk hildako hiru gizonen alabenak; Maider Garcia Martin GALek hildako pertsona baten alabarena; eta Jaione San Sebastian Guardia Zibilak hildako gizon baten alabarena.

Gogora Institutuak antolatu duen ekitaldi instituzionalean, biktimek jasandako minaren berri eman dute eta euskal gizartean jokatutako paperaren inguruan eztabaidatu dute.

"Zilegitasun nahiz bazterketarik gabeko memoria" aldarrikatu dute, eta euren artean hitz egiteko gaitasuna izan dutela nabarmendu dute.

Ainara Zamarreñok aitortu du ETAk bere aita hil zuenean familia "hautsi" egin zela; azken garaietan jendarteak "aurrera"  egin duela ere esan du "oraindik ere asko dagoen arren egiteko", eta hemen gertatua "inoiz ez errepikatzea" espero duela gaineratu du.

Sandra Carrascok "lagunik gabe eta lurjota" geratu zela kontatu du baina denbora igorota, "gogorragoa" egin dela eta orain bestearen tokian jartzeko gai dela. Ainara Olacireguik, ahotsa dar-darka zuela, senideek, lagunek eta eskolak asko lagundu ziotela gogoratu du ETAk aita hil zionean.

GALek hil zuen Juan Carlos Garcia Goenaren alababa Maiderrek argi du indarkeria urte hauek ez dutela "ezertarako balio izan" eta GALen biktimei "aitortza publikoa falta" zaiela salatu du.

Jaione San Sebastianek 1975ean galdu zuen aita, kaleko jantziekin zihoan gaurdia zibil batek tirokatuta. "Biolentzia guztiak aitortzeko" eskatu du, "inor baztertu gabe".

Lehendakariak autokritika egin du

Iñigo Urkullu lehendakariak euskal gizarteak terrorismoaren biktimekiko izan duen jarreraren irakurketa kritikoa egin du eta eratzun instituzionala ere ez zela "behar bezalakoa" izan gaineratu du. Urkulluren arabera, 90eko hamarkadaren hasierara arte, "berandu iritsi ginen biktimen gaira".

Ildo horretan, "biktimak albo batera utzita" egon direla salatu du, "70eko eta 80eko hamarkadetan batez ere", ETA gogorren aritu zen garaian. "1987ra arte bakarrik 586 hildako eragin zituen ETAk" gogoratu du.

"Autokritika egiten dugu" nabarmendu du lehendakariak: "lehenago, hobeto eta batera erreakzionatu behar izan genuen".

"Euskal gizartearen, eta bertako erakunde eta instituzioen erantzuna ez zen egon indarkeria hark eskatzen zuenaren eta biktimek merezi zutenaren mailan" hausnartu du.  Era berean, trantsizioan euskal gizarteak "errepresio faxista jasan zuela" gogoratu du, "baita erakunde parapolizialen eta eskuin muturrekoen atentatuak, inpunitate osoz".

"Tortura salaketak denboran luzatu diren errealitatea" izan direla ere ohartazi du eta gogora ekarri du 80ko hamarkadan, GALek 29 hilketa egin zituela. "Biktima hauek diskriminazioa jasan zuten eta ofizialki euren existentzia eta errealitatea ukatu ziren, gainera".

Ordezkaritza instituzional zabala, PP izan ezik

Lehendakariaz gain, Eusko Jaurlaritzako kontseilari guztiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ramiro Gonzalez Arabakoa, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, legebiltzarkideak, foru diputatuak nahiz PP ez beste alderdi politiko guztietako zinegotziak izan dira ekitaldian.

Alderdi popularreko kideek Irunen, eurek bakarrik egindako ekitaldi batean, ospatu dute Memoriaren Eguna.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena