19:07

Politika

Ostiral eta larunbata

Euskadik Memoriaren Eguna zenbait ekitaldirekin gogoraraziko du, baina batasunik gabe

Agentziak | Erredakzioa

PPk ez du ekitaldi ofizialetan parte hartuko aurten berriz ere. Eusko Jaurlaritzaren ekitaldi nagusia Donostian egingo dute, bost biktimaren parte-hartzearekin.

  • Memoriaren Eguna. Artxiboko irudia: EiTB

    Memoriaren Eguna. Artxiboko irudia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erakundeek ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte ostiral eta larunbat honetan, Memoriaren Eguna gogorarazteko. Baina aurten ere ez da batasunik egongo; izan ere, PPk ez du Eusko Legebiltzarraren deialdiarekin bat egingo beste behin ere, terrorismoaren eta Poliziaren gehiegikerien biktima guztiak gogora ekartzeko.

2010ean aurrenekoz egin zenetik, Memoriaren Eguna azaroaren 10ean antolatzen dute. Eraso terroristek hildakorik utzi ez duten egutegiko data bakarra da.

Aurreneko edizioan, terrorismoaren biktimak soilik gogorarazi zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina 2011an motibazio politiko eta Poliziaren gehiegikerien biktimek ere euren txokoa izan zuten. Horregatik, Ganberako ekitaldira joateari utzi zion PPk, eta orduz geroztik omenaldi propioa egiten du.

Aurten PP Eusko Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako ekitaldietan ez da berriro izango, eta larunbatean omenaldi propioa antolatu du Irunen (Gipuzkoa), terrorismoaren biktimak bakarrik ondratzeko.

Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularraren idazkari nagusiak bi erakunde nagusien omenaldiak hizpide izan ditu prentsaurrekoan. “Ezin zaio terrorismoari zilegitasuna kendu, gaitzesten ez duenaren eskutik joanda”, adierazi du Fernandezek, EH Bilduri erreferentzia eginez.

PP: "Ezin zaio terrorismoari zilegitasuna kendu, gaitzesten ez duenaren eskutik joanda"

Fernandezen ahotan, Poliziaren gehiegikerien biktimek “aintzatespen, erreparazio eta justizia osoa merezi” dute, baina Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren omenaldietan barneratzeak “gatazkaren mitoa bultzatzen du”.

Aurreneko ekitaldia egun bat lehenago egingo dute, ostiral honetan, Gasteizen, alegia. Terrorismoak kaltetutako pertsonei “protagonismo osoa” emango die Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak.

Oraindik eraikitzen ari diren Memoria Zentroak Espainiako Gobernuak Araban duen Azpiordezkaritzan antolatu du omenaldia. ETAren biktimek hartuko dute hitza, besteak beste, Maite Araluce Juan Maria Araluce Gipuzkoa Aldundiaren presidentearen alabak (1976an hil zuten); Begoña Elorza Jorge Diaz Elorzaren amak (Fernando Buesa buruzagi sozialistarekin batera hil zuten); eta Jose Alfonso Romero guardia zibilak (Euskadin lanean ibilitakoa “berunezko urteetan”).

Era berean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkariak, Aintzane Ezenarro Gogora Memoria Institutuaren zuzendariak eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariak parte hartuko dute.

Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea ere bertan izango dira.

MEMORIA EGUNA EFE TEJERIA URKULLU

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Lore eskaintza 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturaren aurrean

Larunbatean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta talde politiko guztiek, PPk salbu, lore eskaintza egingo dute 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturaren aurrean, ondoren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hitza hartuko du, eta amaitzeko bi minutuko isilunea gordeko dute.

Ganberaren egoitzatik metro gutxira, Etxerat presoen senideen elkarteak iaz egin bezala, elkarretaratzea egingo du 16 hildakoren memoria eta aintzatespena aldarrikatzeko. Guztiak sakabanaketa politikaren biktimak dira, elkartearen arabera.

'Euskal gizartea: Argi-ilunak'

Eusko Jaurlaritzaren ekitaldia, Gogora Memoria Institutuak antolatuta, larunbatean egingo dute, Donostian. Erakunde terroristek eta Poliziaren indarkeriaren ondorioz hildako bost pertsonaren alabek hartuko dute hitza. Bostok legearen aintzatespena dute.

Horrela, Naiara Manuel Zamarreñoren alabak (ETAk 1998an hil zuen PPko zinegotzia), Ainara Eugenio Olacireguiren alabak (ETAk 1997an hil zuen bizikleta enpresako behargina) eta Sandra Isaias Carrascoren alabak (ETAk 2008an hil zuen) testigantza emango dute.

Era berean, Maider Juan Carlos Garcia Goenaren alabak (GALek 1987an hil zuen) eta Jaione Alfredo San Sebastianen alabak (guardia zibil batek tirokatu zuen 1975ean) hitza hartuko dute.

'Euskal gizartea: Argi-ilunak' izenburupean, ekitaldiak “euskal gizarteak arestiko memorian, azken 60 urteetan, izandako paperaren azterketa kritikoa egingo dute”, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Omenaldian, lehendakariak hitza hartuko du, “mezu instituzionala” zabaltzeko. 70ko eta 80ko hamarkadetan euskal gizarteak terrorismoaren biktimekiko izan zuen jarrera kritikatu eta erakundeen erantzuna “egoerak eskatzen zuen mailan egon ez” zela onartuko du testuak.

Horregatik, “terrorismo eta indarkeria guztien biktimei, inor baztertu barik” barkamena eskatuko zaie, baina ETAren indarkeriak eragindako biktimei bereziki.

Gernikako (Bizkaia) Bake Museoak ekimenarekin bat egingo du larunbatean, eta bere ateak zabalik izango ditu egun osoa zehar.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Bilboko Udalak ekitaldi propioak egingo dituzte. Gasteizko Udalak eta Arabako foru erakundeek, ostera, Eusko Legebiltzarrarekin eta Jaurlaritzakoekin bat egingo dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena