Politika
Omenezko ekitaldia
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Justizia Auzitegiko atarian Jose Maria Lidon gogoratzeko ekitaldia egin dute. Bere semeak bertan izan dira eta, lehen aldiz, hitza hartu dute.
2001eko azaroaren 7an, ETAk Jose Maria Lidon Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua hil zuen, Getxon (Bizkaia). Asteazken honetan, 17 urte bete dira, eta Bilboko Justizia Auzitegian epailearen omenezko ekitaldi xumea egin dute. Bere semeak bertan izan dira eta, lehen aldiz, hitza hartu dute. Iñigo Lidonek Auzitegi Nazionalaren jarrera gogor salatu du, “justiziaren utzikeria” dela eta. Izan ere, berak eta bere amak, Marisa Galarriagak, Mikel Garikoitz Aspiazu ‘Txeroki’ identifikatu zuten atentatuaren egile, lekuko izan baitziren. Alabaina, gaur egun Frantzian kartzelatuta dago, eta haren hilketagatik epaiketa noiz egingo zain daude Lidonen senideak.
“Prozesuak aurrera egitea nahi dugu, hilketa argitzea, (‘Txeroki’) estraditatzea eta epaiketa egitea, aurrera begiratu ahal izateko”, azpimarratu du Iñigo Lidonek.
“17 urte igaro dira jada, baina epaiketaren zain jarraitzen dugu. Eta dena justiziaren esku utzi izan bagenu, epaiketa ez litzateke inoiz iritsiko”, ziurtatu du Lidonen semeak.
Lidonek gogora ekarri duenez, Jose Maria Lidon hil eta hamar hilabetera, Basurtun bonba bat manipulatzean hil ziren ETAko bi kideri egotzi zieten atentatua, Getxon erabilitako pistola bat aurkitu zietelako.
Izan ere, magistratuaren semeak azaldu duenez, ETAko kideek ez zituztela armak elkartrukatzen esan zion Espainiako Poliziako kide batek. Arrazoi horregatik, Basurtun hil ziren terroristak epailea hil zutela ziurtatu zion.
Hamar urte inolako berririk izan gabe igaro ostean, Jose Maria Lidonen senideak haien kabuz ikertzea erabaki zuten, Google bilatzailearekin. Hala, justiziak bere lana egin dezan “mesedeak eskatzea zaila” dela aitortu ostean, ‘Bizkaia komandoa’-ren gainean segurtasun indarrei igorritako datuekin egindako txostenak epaitegietara eramatea lortu zuten. Horrela, auzia berriro irekitzea lortu zutela azaldu du.
Ordurako, 2001ean ‘Bizkaia komandoa’ osatzen zuten terroristak hainbat urte kartzelan zeramaten, baina Iñigo Lidonen esanetan, denbora horretan inork ez zien haren aitaren inguruan ezer galdetu. “Sei urte igaro zituzten nire aitari buruz galderarik egin gabe, eta dagoeneko bi urte igaro dira nire amak eta nik nire aitaren kontrako atentatuaren egileetako bat identifikatu genuenetik”, ohartarazi du. Azkenean, 2016an auzia epaiketa bidean jarri zuen epaileak.
“Udan harrituta geratu ginen, nire amak eta nik identifikatu genuen ETAko kidea Espainiara (Auzitegi Nazionalera) eraman zutela ikusita. Dena dela, ez zuten nire aitaren hilketagatik epaitu, beste auzi batengatik baizik. Egoera horren aurrean, estradizio agindua galdu zutela aitortu ziguten, inoiz ez baitzen Frantziara iritsi”, nabarmendu du. Hala, inork ez zuela okerra zuzendu azpimarratu du.
“’Txeroki’ estraditatzeko eskaera berria egin du Espainiako justiziak, eta 2019an epaiketa egin ahal izatea espero dute, atentatua egin zutenetik 18 urte geroago. Hau da prozesu judizial honek izan duen benetako ibilbidea, eta nire aitaren hilketa argitzeko epaiketaren egungo egoera”, esan du.
Azkenik, senideak justiziari “eskerrak” ematera behartuta sentitzen direla esan du. Izan ere, bere aita magistratua zenez, kasua berriz ireki ahal izateko “beste biktima batzuk agian haien esku ez dituzten kontaktuak” izan dituztelako. “Espero dut gurea kasu isolatua izatea, eta justiziak ez ematea horrelako traturik gainerako biktimei”, erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa