Politika
España Ciudadana plataforma
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilari babesa adierazteko ekitaldia egin du España Ciudadana plataformak. Altsasuko bizilagunek euren gaitzespena azaldu dute txistuekin eta kanpai-hotsekin.
Albisteak (3)
Guardia Zibilari babesa eta elkartasuna adierazteko ekitaldia egin du Ciudadanosek sustatutako España Ciudadana plataformak igande honetan Altsasun (Nafarroa), bi guardia zibilek eta euren bikotekideek udalerri hartan jasandako "erasoa" izan zenetik bi urte betetzen direnean.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak hitza hartu du, eta PPrekin eta VOXekin "proiektu espainola eta XXI. mendeko konstituzionalismoa berreraikitzea" aldarrikatu du Altsasuko Foru Plazan egindako ekitaldian. Txistu eta elizako kanpai-hotsen artean mintzatu dira hizlariak, Altsasuko hainbat auzokidek ekitaldi horri euren gaitzespena adierazi diotelako. Ondorioz, hitzaldiak entzuteko zailtasun handiak izan dira.
"Espainiako herri honetara etorri gara gaur, baimenik eskatu gabe, oztopoak gorabehera", azpimarratu du. "Erradikalengatik ez gara kikilduko", iragarri du. Kanpai-hotsak eskertu ditu modu ironikoan, eta "erasotzaileen aurpegiak" zeramatzaten horma-margo batzuk kritikatu ditu.
"Aste gogorra izan da", kartzelatutako Kataluniako buruzagi ohiei matxinada delitua ez egoztea Fiskaltzak erabaki ostean. Riveraren hitzetan, hori "Estatuaren aurka doa, eta horrekin amaitu nahi dutenen alde".
"Justizia bilatzeko guztiok lan egitearen alde" egin du Ciudadanoseko buruak, terrorismoaren biktimek hala beti nahi izan dutelako, horren iritzian, eta ohartarazi du "indultuak immoralak" direla, "justizia urratzen baitute". Horren harira, "indultuak errefusatzeko eta justiziaren aldeko" manifestazioa deitu du Riverak datorren azaroaren 25erako Madrilen. Epaileek, fiskalek, poliziek, zinegotziek eta senideek "sakrifizio gehiegi" egin behar izan dituzte, "Estatu-kolpea ematen saiatu direnei orain inpunitatea oparitzeko".
Bestalde, kazetariei egindako adierazpenetan Ignacio Cosido Senatuan PPren bozeramaileak azpimarratu duenez, Altsasura joan dira "Konstituzioa, Espainia eta Nafarroa espainola defendatzen dugunok batuta egotea ona delako". "Protesta egiten dutenak betikoak dira, Espainiako, askatasunaren eta Konstituzioaren etsaiak", gaineratu du. Ildo beretik jo du Ana Beltran Nafarroako PPko presidenteak. Nafarroako Gobernua kritikatu du, esanez "erasotzaileen alde" dagoela, hortaz, "alderdi konstituzionalisten batasunaren alde" egin du.
Foruzaingoak eta Guardia Zibilak segurtasun operatibo handia zabaldu dute Altsasuko kaleetan, istiluak saihesteko xedez. Izan ere, España Ciudadana plataformaren ekitaldia gaitzesteko ekimena egin dute Iortia Plazan, Herritarren Batzarrak deituta. Altsasuko auzokideen esanetan, Ciudadanosen ekitaldia "probokazioa da".
Tentsioz beteriko uneak bizi dira, 11:00ak pasata, kanpotik etorritako pertsonak Ciudadanoseko ekitaldira iristen hasi direnean. Bandera espainolekin heldu dira, Espainiaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuen artean.
"Espainolen askatasuna eta berdintasuna defendatzen jarraituko dugu", adierazi du Ciudadanosek. Gainera, Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iraunkorra baliogabetzeko eskatu du, "Nafarroan ezegonkortasuna baino ez dakarrelako".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa