Itxi

Politika

Dokumentazioa

Sorturen estatutuen ezaugarri nagusiak

Erredakzioa

ETA errefusatzen du alderdi berriak "argi eta garbi" eta afiliatuak kaleratuko ditu indarkeria babesten badute edo erakunde terroristen ekintzen alde agertzen badira.

  • Sortu

    Sortu

Sortu ezker abertzalearen alderdi berriak ETA errefusatzen du "argi eta garbi" eta indarkeria mota guztiak, ETAren bereziki, desegiteko gainerako agente politiko eta sozialekin lan egiteko konpromisoa hartzen du. Era berean, ekintza terroristen "justifikazioaren edo babes ideologikoaren" kontra dago.

Sorturen estatutuen hasieran atariko kapitulu bat dago proiektuaren jatorria eta helburuak azaltzeko, 25 artikulutan zatitutako bost kapitulutan alderdiaren oinarri ideologikoak eta barne antolakuntza azaldu dituzte, eta beste bi puntutan lehenengo kongresua arteko funtzionamendua zehaztu dute.

Azken hilabeteetan ezker abertzaleak egin duen gogoeta prozesuaren ondorio gisara aurkeztu dute Sortu atarikoan. Erabaki horien oinarria "prozesu demokratiko bat bultzatzeko bide politiko eta demokratiko soilen aldeko jarrera" egongo litzateke, eta helburuak euskal Estatu bat sortzea eta bake agertoki bat eraikitzea izango lirateke.

Atariko horretan, Sortuk azaltzen du ETArekiko eta legez kanpo utzitako alderdiekiko (Batasuna, HB eta EH aipatzen ditu) loturarik ez duela eta ezker abertzalearen antolakuntza ereduak "haustura" bat erakusten duela "iraganarekiko", beraz, "orduko mendekotasun loturak" baztertzen ditu.

"Horrela, indarkeria erabiltzen duten erakundeek eta indarkeriarekiko lotura zutelako legez kanpo utzi zituzten alderdi politikoek ezingo dute alderdia instrumentalizatu", estatutuetan agertzen denez.

Biktimen errekonozimendua

Mitchell senatariaren printzipioak hartzen ditu ekinbiderako gida gisa eta gainerako agente sozial eta politikoekin lan egiteko konpromisoa hartzen du "indarkeria mota oro desagerrarazteko, ETArena bereziki, eta indarkeria horien biktimen errekonozimendua lortzeko".

"Finean, alderdi politikoak bide politiko eta demokratikoekiko hartu duen konpromisoa irmoa eta zalantzarik gabekoa da, ez dago taktika edo garaien araberako faktoreei lotuta". Independentzia, euskalduntze osoa, sozialismoa, justizian eta askatasunean oinarritutako bakea, feminismoa, elkartasun internazionalista eta inperialista eta herritarren partehartzean oinarritutako demokrazia aldarrikatu ditu Sortuk.

Ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuen 3. artikuluan, argi adierazi dute alderdi berria "indarkeria erabiltzen duten erakundeen agindupean edo baldintzapean egotearen kontra" dagoela.

Era berean, Sortuko militanteek edo kargudunek beti jokatuko omen dute "indarkeria ekintza oro" errefusatzeko irizpidearekin.

Eta zalantza guztiak baztertze aldera, Sortu "ez da legez kanpo utzitako erakundeen birsortzea, horiekiko bereizketa eta zalantzarik gabeko haustura baizik".

Barne antolakuntza

Hurrengo artikuluetan alderdiaren barne antolakuntza azaltzen dute. Iragan asteleheneko aurkezpenean iragarri zuten legez, ezker abertzaleak biltzarren eredua baztertuko du eta gainerako alderdi politikoekin bateragarria den egitura hartuko du: idazkari nagusia buru izango duen zuzendaritza bat, kongresuen arteko erabakiak hartuko dituen biltzar nazionala, eta kongresu bat egingo du lau urtean behin.

Alderdiaren oinarria afiliatuek osatuko dute, baina jarraitzaileen paperari ere atea ireki zaio. Estatutuek, era berean, militanteen eskubide eta betebehar sorta bat ezarriko dute.