Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Antolatzaileen esanetan, 15.000 pertsona inguru batu dira arratsalde honetan Lledonersko espetxearen aurrean egindako elkarretaratzean. Preso dauden politikariei elkartasuna adierazi diete.
Albisteak (4)
Kataluniako prozesu independentista dela eta Lledonersko kartzelan (Bartzelona) behin-behineko espetxealdian dauden presoek idatzitako gutun bat kaleratu dute ostegun honetan, urteurrenaren bezperan. Izan ere, bihar bertan jakingo da Estatuko fiskal nagusiak zer zigor eskatzen duen auzi horretan inputatuta dauden buruzagi independentistentzat. Alabaina, dagozkien eskubideei tinko eutsiko dietela ziurtatu dute: “Umiliatu nahi izan gaituzte, baina ez dute lortu. Askatasunari ez diogu inoiz uko egingo”.
Hala azpimarratu dute Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Raul Romeva kontseilari ohiek, baita ANC eta Omnium Cultural erakundeetako buruzagi ohiek (Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart) ere. Kartzelan idatzitako gutun hori David Fernandez CUPeko diputatu ohiak irakurri du arratsaldean, Esquerra Republicana alderdiak deituta preso dauden politikarien askatasuna aldarrikatzeko Lledonersko espetxearen aurrean egindako elkarretaratze jendetsuan.
“Ezinezkoa da herri batek demokraziarekin duen borondatea espetxeratzea”, azpimarratu dute preso jarraitzen duten Kataluniako buruzagi independentistek. Estatuko fiskal nagusiak bihar bertan aurkeztuko ditu Kataluniako erreferenduma dela eta auzipetutako buruzagi independentisten aurkako akusazio idazkiak.
“Gaur, gure ideiek eta pentsamenduek inoiz baino indar handiagoa dute. Umiliatu nahi izan gaituzte, baina ez dute lortu; itxaropena beldurra baino indartsuagoa delako beti, eraikitzea suntsitzea baino eraginkorragoa delako, askatasunari ez diogulako inoiz uko egingo”, esan dute.
Halaber, “espetxealdi iraingarria” jasaten ari badira ere, “herriaren borondatearekin aurrera” jarraituko dutela ziurtatu dute preso dauden politikariek.
‘Urtebeteko injustizia, urtebeteko pertseberantzia. Askatasuna aldarrikatzen dugu’ lelopean, 15.000 pertsona inguru batu dira arratsalde honetan Lledonersko espetxearen aurrean egindako elkarretaratzean, antolatzaileek jakitera eman dituzten datuen arabera.
Besteak beste, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak hartu du hitza. Horren esanetan, espetxean dauden buruzagi independentistek ez diote inoiz erabakitzeko eskubideari uko egingo, ezta demokraziari ere, eta ez dute indulturik nahi, azpimarratu du.
“Ez dugu indulturik nahi. Absoluzioa eskatzen dugu, askatasuna, presoak berehala kalera irtetea. Ez dute barkamenik eskatu behar: hautetsontziak jartzea eta herritarrek bozkatzeko aukera izatea ez da delitua, inoiz ez”, oihukatu du Kataluniako Parlamentuko presidenteak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa