16:36

Politika

Bilera Madrilen

Trafikoaren eta bideko segurtasunaren eskuduntza Foruzaingoaren esku egongo da

EITB.eUS

Transferitu gabe dauden eskuduntzen egutegi bat eskatu dio Nafarroako presidenteak Espainiako gobernuburuari. Foruzaingoak abenduan edo urtarrilean eskuratuko du eskuduntza hori.

0:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak asteazken honetan jakitera eman duenez, trafikoaren eta errepideen segurtasunaren eskuduntza Foruzaingoak izango du aurrerantzean. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin Moncloa jauregian (Madril) egindako bileraren ostean eman du Barkosek akordio horren berri.

Foruzaingoak abenduan edo urtarrilean eskuratuko du, beranduenez, oraindik transferitzeke dagoen eskuduntza hori, Nafarroako Gobernuko presidenteak bileraren ostean egindako agerraldian azaldu duenez.

Barkosek aitortu duenez, momentuz ez dute datarik finkatu transferentzia hori gauzatzeko. Izan ere, trafikoaren eta errepideen segurtasunaren eskuduntza lortu arte ezinbesteko “epe bat igaro behar da”. Dena dela, eskuduntza hori legegintzaldi honetan eskuratuko dutela azpimarratu du.

Foru Gobernuko presidentearen hitzetan, transferentzia gauzatzeko “konpromisoa publikoki” adierazi dio Espainiako Gobernuak. Horrenbestez, trafikoaren eta bide segurtasunaren eskuduntza Foruzaingoaren eskutan utziko du, oso osorik, Sanchezen gobernuak. Orain arte, Guardia Zibilarekin partekatzen zuen ardura hori.

Era berean, Egonkortasun Legea bertan behera uzteko eskatu dio Sanchezi, superabita duten erkidegoek inbertsio jasangarriak egiteko aukera izan dezaten. Foru Parlamentuak jada 113 milioi euroko inbertsio plana onartuta du, 2017ko superabitarekin ordaintzekoa.

Eskuduntzaz gain, Komenio Ekonomikoaren Legea egokitzeko negoziazioak azkartzea erabaki dute bi aldeek. Ez dute akordiorik lortu ordea 113 milioi euroko inbertsio jasangarriari buruz, baina bide horretatik lanean jarraitzeko aukera ikusi du Nafarroako Gobernuko presidenteak.

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gezurtatu egin du Nafarroako eta Espainiako gobernuek akordioa lortu dutenik 75 milioi euro foru erkidegoko inbertsio jasangarrietara bideratzeko.

Buruzagi sozialista Moncloara iritsi zenetik lehen hartu-emana izan dute bi buruzagiek. Horrez gain, Nafarroako eta Espainiako gobernuek 2012tik egiten duten lehen bilera ofiziala izan da honakoa.

Eskakizun zehatzekin joan da Nafarroako presidentea bilerara, gehienak autogobernuarekin lotutakoak. Hala, Foru Hobekuntzaren Legeak aitortutako eskuduntzak transferitzeko egutegia galdegin dio, besteak beste, trafikoa eta errepideen segurtasuna.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena