Politika
Consell per la Republica
Agentziak | Erredakzioa
Puigdemontek azaldu duenez, erakunde horrek Kataluniako prozesu independentista nazioartera zabaltzea izango du helburu. Belgikako araudipean antolatuko den erakunde "pribatua" izango da.
Albisteak (3)
Kataluniako prozesu independentistari bultzada ematea helburu duen Errepublikaren aldeko Kontseilua aktibatu du astearte arratsalde honetan Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak. Generalitateko Jauregian egin duten ekitaldi batean bideokonferentziaz agertu da, eta “lotsarik gabe” errepublika egiteko deia luzatu du. Ildo horretatik, erakundea Belgikako araudipean antolatuko den erakunde “pribatua” izango dela azpimarratu du.
Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearekin batera gobernukide guztiek hartu dute parte ekitaldian. Antoni Comin kontseilari ohiak Bruselatik zuzenduko du erakundea, eta Puigdemontekin batera agertu da bideokonferentziaz. Independentziaren alde dauden erakunde ezberdinetako ordezkariak ere bertan izan dira.
JxCat alderdiko kideak nabarmendu duenez, Kataluniako errepublika helburu izanik “modu koordinatuan” aritu beharko dira lanean Errepublikaren aldeko Kontseiluan. Hala, Espainiako Estatuaren “mehatxurik gabe” aurrera egin ahal izango duela nabarmendu du. Izan ere, erakundeak Belgikako legedia oinarri hartuko duenez, 155. artikulua ezartzeko aukera ez dela egongo ziurtatu du.
Gauzak horrela, soilik independentista guztien artean “konfiantza” badago eta elkarlanean jarduten badute “Estatu autoritarioari garaitu” ahal izango diotela esan du. Hala, errepublika denen artean egin behar dela ziurtatu du.
Puigdemontek azaldu duenez, erakunde horrek Kataluniako prozesu independentista nazioartera zabaltzea izango du helburu. Halaber, nazioarteko herrialdeek “Kataluniako errepublika” aitortzea bilatuko dutela esan du. Azkenik, haien artean egingo dituzten “behar besteko eztabaidez gain, herritarren parte hartzea ezinbestekoa” izango dela gaineratu du, Kataluniaren independentzia aldarrikatu ahal izateko.
Kontseilua independentziarako “palanka” izango dela dio Torrak
Quim Torra Generalitateko presidentearen ustez, Errepublikaren aldeko Kontseiluak “independentzia eskuratzeko bidean palanka gisa erabiltzeko” balioko du. “Ez gara honaino etorri autonomia berregiteko, ezta Autonomien Estatuaren hondakinak kudeatzeko ere”, azpimarratu du.
Kataluniako gizartea monarkiaren aurka, errepresioaren kontra eta autodeterminazio eskubidearen alde dagoela eta hiru ildo horietan adostasuna zabala dela gogoratu du.
“Hiru oinarri horiek aintzat hartuta ari gara zilegitasun osoz ekimenak martxan jartzen”, erantsi du.
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketari dagokionez, absoluzio-epaia eta erbestean dauden politikarien itzulera soilik onartuko dutela berretsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa