20:34

Politika

Alderdi berriaren aurkezpena

'Iraganarekin haustura bat' planteatu du Batasunak, EAJren esanetan

Erredakzioa

Jon Abrilek esan du ezin dela "ozenago" esan "ez dela indarkeriarik onartzen". EAren ustez, ez dago "arrazoi juridikorik" alderdia legez kanpo uzteko.

49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali
Ezker abertzale ofizialak politika eta antolakuntza arloan historikoki mantendu izan dituen jarrerekiko "ageriko banatzea" suposatzen du alderdi berriak, EAJren hitzetan. Horregatik, indarkeria arbuiatzea goraipatu dute jeltzaleek. Ezker abertzaleak emandako pausoari garrantzi "historikoa" eman dio EBBk.

Ezker abertzalearen ekitaldira "begirale gisa" joan dela azaldu du EAJk webgunean. Alderdi berria albiste positiboa dela uste dute jeltzaleek. "Ezker abertzaleak helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilpena arbuiatzea" goraipatu du EAJk, "baita ETAren indarkeria ere".

Zentzu honetan, Espainiako Gobernuari eskatu diote jeltzaleek, arauzko epe barruan, alderdi berri hau inskribatzeari ekin diezaiola. "Gobernuak adoretsua behar du izan, eta ez luke amore eman behar, arrazoi ez garbiak erabilita, agerian edo ezkutuka eta alderdikeriak bultzatuta, talde berria legeztatzearen kontra agertzen direnek eragindako presioen aurrean", gaineratu dute.

Honenbestez, indarkeriaren behin betiko amaiera, bakea, justizia eta bizikidetza lortzeko laguntzen duten neurriak hartzeko alderdi berriarekin hitz egiteko prest azaldu da EAJ.

"Alderdi politiko berriaren sorrera bultzatu duten printzipio eta oinarriek ezker abertzalearen iraganarekin hautsi egiten dute eta euskal politikan itxaropenaren garai bat zabaltzen dute", jeltzaleen esanetan.

Aralar: "Estatuak oso zail dauka aitzakiak jartzea"

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi du Estatuak "oso zail" duela "aitzakiak" jartzea ezker abertzalearen alderdi berria ez legeztatzeko. Izan ere, "ezin da ozenago esan ez dela indarkeriarik onartzen, ETArena barne".

Euskalduna Jauregiko ekitaldia bukatu bezain laster, Abrilek gogorarazi du Aralar "aukera politiko guztien legalizazioaren alde" egon dela beti. Horrenbestez, "gaur inoiz baino gehiago, alderdi guztiek hauteskundeetan parte hartu ahal izatea aldarrikatu du.

"Ezker abertzalearen beste sentsibilitateak gaur eta hemen egin duen adierazpenak argi eta garbi utzi du iraganarekin hausteko eta soilik bide politikoen eta demokratikoen alde egiteko apustua", gaineratu du.


EAren ustez, ez dago "arrazoi juridikorik" alderdia legez kanpo uzteko

ETAren gaitzespena "argiago ezin dutela egin" esan du Eusko Alkartasunako idazkari orokor Pello Urizarrek, ezker abertzalearen alderdi berriaren harira.

EAk ezker abertzalearen apustuaren berri bazuela azpimarratu du Urizarrek.

Bere hitzetan, alderdi berria legez kanpo uzteko "arrazoi juridikorik" ez dago. Legeztatzen ez badute, PSOEren eta PPren "alderdikeriengatik" egingo dutela uste du EAko buruak.

"Ezker abertzalearen apustuan ez dago atzera pausua ematerik".


EB ren ustez, "egun oso garrantzitsua da" gaurkoa

Mikel Arana Ezker Batuak-Berdeakeko koordinatzaile orokorrak esan du, ezker abertzalearen alderdi berria legez kanpo uzte badute, sozialisten eta popularren " hauteskunde interesengatik" izango dela.

Euskal politikagintzarentzat "egon oso garrantzitsua dela" uste du Mikel Aranak.


Alternatiba: ''ETA babesten duen alderdirik ez dago orain"

Ezker abertzalea legez kanpo mantentzeko Espainiak "lotsagabekeri demokratikoa" ez izatea espero du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak.

Bilboko ekitaldian izan da gaur goizean Oskar Matute. Bukatzean, ohar batean, "ETA babesten duen alderdirik" ez dagoela nabarmendu du.

"Hauteskundeetan ez egoteko ze arrazoi egon daiteke orain? Arrazoi bakarra, hauteskunde interesak", erantzun dio bere buruari.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena