Politika
'De Miguel auzia'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gastua baimentzeko, "orri sinple" bat sinatzen zuela esan du Larrañagak. Kontratuaren helburua, aurrekontua eta enpresa zehazten zituen horrek.
'De Miguel' epaiketa. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Albisteak (8)
Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohiak deklaratu du asteazken honetan Alfredo de Miguel EAJko buruzagi ohiarekin lotutako ustezko ustelkeria kasuaren harira egiten ari diren epaiketan. Bertan baieztatu du ez duela kasu horrekin lotutako enpresei esleitutako kontratuen gaineko ardurarik, alegia, ez zuela horien jarraipenean eta kontrolean erantzukizunik izan.
Arabako Lurralde Auzitegia epaitzen ari den 26 akusatuetako bat da Larrañaga. Ustez, modu irregularrean kontratu publikoak lortzeko eta komisio ilegalak jasotzeko sare bat sortzeagatik eseriko dira aulkian akusatu horiek. Hain zuzen ere, EAJko hainbat buruzagik zuzendu zuten sarea, besteak beste, De Miguelek, talde horretako ustezko buruak.
Fiskaltzaren arabera, 2006 eta 2009 bitartean, nahierara esleitu zien kontratuetako asko Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei Juan Jose Ibarretxeren Gobernuaren Kultura Sailak.
Horregatik, alegia, De Miguel sareari laguntzeagatik, 17 urteko kartzela-zigorra eskatu dute Larrañagarentzat. Alabaina, Kultura sailburuorde ohiak adierazi du gastua baimentzeko, "orri sinple" bat sinatzen zuela; "kontratuaren helburua, aurrekontua eta enpresa zehazten zituen horrek".
Bestalde, zehaztu du kontratazioekin, enpresen aukeraketarekin eta kontratuen kontrolarekin eta jarraipenarekin erlazionatutako kontuak Javier Sanchez Roblesek zuzendutako Gazteria Zuzendaritzaren esku zeudela.
Halaber, azaldu du kontrolerako bulegoak ez ziola "irregulartasunen gaineko inolako ohartarazpenik" eman, eta gaineratu du ez zuela Sanchezek eta Roblesek ezkutuan egindakoaren berri izan.
Bukatzeko, nabarmendu du ez duela ezer ezkutatuko. Horregatik, Fiskaltzak eta abokatuek egindako galdera guztiei erantzun die.
Astelehenean berrekingo diote ahozko epaiketari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa