18:57

Politika

'De Miguel auzia'

Enpresari batek 'onura fiskalak' lortzeko ordaindu zuen De Miguelen etxeko obra

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Prudencio Hierro enpresariak azaldu du garai hartan "arazo ekonomikoak" zituelako eta "onura fiskalak" lortzeko asmoz jokatu zuela horrela, baina orain "damututa" dagoela.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Prudencio Hierro enpresariak aitortu du Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiak Gorlizen duen etxebizitzako obra ordaindu zuela, balio erantsiaren gaineko zergan (BEZ) nahiz sozietateen gaineko zergan onurak lortzeko asmoz eta hark Arabako Foru Aldundian zuen karguagatik.

'De Miguel auzia'ren epaiketako beste saio bat egin dute astelehen honetan. Guztira, 26 lagun daude auzipetuta, legez kanpoko komisioak kobratzeko sarea osatzea leporatuta.

Gaurkoan, Prudencio Hierro enpresariak deklaratu du. Fiskaltzak 7 urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat, kontratu publikoak lortzeko helburuarekin, De Miguelek Gorlizen duen etxebizitza eraberritzeko lanak ordaindu izana leporatuta.

Hierrok aitortu du "onurak fiskalak" izateko asmoz ordaindu ziola obra hura De Migueli. Garai hartan "arazo ekonomikoak" zituelako egin zuela azaldu du eta orain "damututa" dagoela erantsi du.

Alabaina, eta bere abokatuaren galderei erantzunez, ukatu egin du komisiorik ordaindu izana edo jokabide horren helburua kontratu publikoak lortzea izan zenik.

Enpresariak esan du ez zekiela gaizki jokatzen ari zela. "Tontakeria handia egin nuen", adierazi du.

De Miguel Herri Administrazioko foru diputatua izateak jarrera horretan eraginik izan ote zuen galdetu dio fiskalak, eta berak ondokoa erantzun du: "Beti da lagungarri; berak (De Miguelek) ezin zidan ezer eskaini, baina beti da ona".

De Miguelen abokatuak, ostera, Fiskaltzarekin akordio batera iritsi den auzipetuetako bat ote den galdetu dio. "Nik ez dut Ministerio Fiskalarekin hitz egin, nire abokatuak esan duena…", azaldu du.

Joan den astean, De Miguelek onartu egin zuen Hierrok bere etxeko obra ordaindu zuela eta ondoren diru gehiena eskura itzuli ziola zehaztu zuen. Fiskaltzak 54 urtetik gorako espetxealdia eskatzen du EAJren Arabako buruzagi ohiarentzat.

Gaurko saioan, Iñaki Echaburu auzipetuak ere deklaratu du. Lapuebla de Labarcan eta Zigoitian obra publikoak lortzeko, Kataia sozietateari % 4ko komisioak ordaindu izana leporatzen diote Loizate taldeko arduradunari. Fiskalak 11 urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat.

Echaburuk bere abokatuaren galderak baino ez ditu erantzun eta ukatu egin du Kataiari komisiorik ordaindu izana. Areago, kontratu publikoak lortzeko gainerako auzipetuek inoiz ez diotela dirurik eskatu azpimarratu du.

Bestalde, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano Arabako EAJko buruzagi ohi eta akusatu nagusien bikotekideek ere deklaratu dute epailearen aurrean.

Araceli Bajok eta Iratxe Gaztelurrutiak onartu dute Kataia sozietatearen sorreran parte hartu zutela, euren senarrek hala eskatuta, baina enpresaren kudeaketarekin inolako loturarik ez dutela zehaztu dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz izan den ustelkeria kasurik handienaren epaiketak bihar jarraituko du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena