Politika
HEZKUNTZA PROGRAMA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAren zein beste indarkerien inguruan Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetarako prestatu duen unitate didaktikoak polemika eragin du euskal alderdi politikoen artean.
ETAren zein beste indarkerien inguruan Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetarako prestatu duen unitate didaktikoak polemika eragin du euskal alderdi politikoen artean. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 'Herenegun' programarekin sesioan aritzea leporatu diote PPri. Izan ere, atzo bertan, Jonan Fernandez kargutik kentzeko eskatu zion Alfonso Alonsok Urkulluri. Fernandez elkarrizketatu zuten Radio Euskadin eta 'Herenegun' programan ez dagoela "gatazkaren teoria babesten duen esaldi bat bakarra ere" esan zuen, aldiz, berak.
Gaur goizean, Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, Joseba Egibar EAJko bozeramaileak esan du PPren postura "gehiegikeria" bat dela eta "apropos" ari direla "manipulatzen, eskandalu bat sortzeko". Ildo horretan, Euskadiko popularrek Pablo Casado euren buruzagi berriarekin "berradiskidetzeko" erabili nahi dutela gai hau gaineratu du.
EH Bilduko parlamentario Iker Casanovak adierazi du eurek ere ez dutela gustuko unitate didaktiko hori, besteak beste, presa gehiegiz eraman nahi delako ikastetxeetara denboran horren gertu dauden gertaera batzuk, baina era berean esan du EH Bilduk kargu hartuko diola Eusko Jaurlaritzari PPren "agitprop kanpainaren ostean -agitazioa eta propaganda-" atzera egiten badu.
Eneko Andueza Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiaren iritziz ere, ez da zilegi PPk hezkuntza arloko gai horren inguruko kritika "muturrera eta sesiora eramatea", nahiz eta euren ustez ere "berrikusi eta ukitu" egin behar den. PPk politika egiteko ETAren biktimak erabiltzea "erabat duintasunik gabea" dela gaineratu du.
Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko parlamentariak "gatazkaren auziarekin elektoralismoa egitea" leporatu dio PPri eta hezkuntza material hauek egiteko "sukaldeko lana" eskatu du.
Kritika hauei erantzunez, Laura Garrido PPko parlamentariak bere alderdiaren jarrerari eutsi dio eta Jonan Fernandezen kargugabetzea eskatu du berriz ere, "ETAren historia zuritzeagatik 'Herenegun'eko bideoetan eta "ETA zein Estatuko Segurtasun Indarrak maila berean jartzeagatik".
Gainera, PSE-EE "nortasunik gabe" ari dela salatu du, eta "ETAren munduaren exijentziei men egiten" ari dela, Eusko Jaurlaritzan dituen "eserlekuak eustearren".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa