Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Fidel Cadena, Jaime Moreno, Consuelo Madrigal eta Javier Zaragoza fiskalak prestatzen ari diren zirriborroak gertatutakoa “matxinadatzat” joko du.
Oriol Junquerasen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Goreneko Fiskaltza datozen hilabeteetan epaituko dituzten preso independentistentzako zigor eskaera prestatzen ari da. Buruzagiei zigor larriak ezartzea eska dezake. Horrela, Oriol Junqueras presidenteorde ohiaren kasuan, 20 urte baino gehiagoko kartzela-zigorra eskatzeko asmoa du, matxinada delitu bat egotzita.
Erantzukizun mailaren arabera zigor ezberdinak eskatzea aurreikusi dute, eta Pablo Llarenak auzipetutako batzuk fiskalaren idatzitik kanpo geratzea ez dute baztertzen.
Fidel Cadena, Jaime Moreno, Consuelo Madrigal eta Javier Zaragoza fiskalak prestatzen ari diren zirriborroak gertatutakoa “matxinadatzat” joko du, Zigor Kodearen tipo penalean aurreikusitako indarkeria izan dela iritzita.
2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean zein U-1ko gertakarietan indarkeria “bistakoa” izan zela uste du akusazio publikoak, Ministerio Publikoko iturriek azaldu dutenez.
Hasierako zigor eskakizunak, 20 eta 25 urte bitarteko kartzela, Junquerasentzako zein espetxean dauden gainerako kontseilarientzako egitea pentsatzen dute, iturri berdinen arabera, hau da, Joaquim Forn (Esquadra Mossoen arduraduna nagusia), Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Jordi Turullentzako.
Bigarren maila batean, diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzi ez dieten auzipetuak egongo lirateke: Carme Forcadell Parlamentako presidente ohia, Jordi Sanchez (ANC) eta Jordi Cuixart (Omnium) herri mugimenduetako arduradunak. Hiru hauei 10 eta 15 urte arteko zigor eskaera aztertzen ari da Fiskaltza, baina erantzukizun mailaren arabera 20 urtera heldu daiteke. Azkenik, Govern ohiaren gainerako auzipetuak eta beste diputatu batzuk zigor txikiagoekin agertu daitezke idatzian, 5 eta 10 urte bitartean, alegia. Are gehiago, eskakizun fiskaletik at geratu daitezke, iturrien esanetan.
Hala ere, Fiskaltzak auzia epaituko duten magistratuei eskaera alternatibo bat aurkeztea litekeena da, sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta. Edozein kasutan, zigor eskakizuna oso antzekoa izango litzateke, bi delituak batuta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa