15:24

Politika

Hezkuntza

Jaurlaritzak 'Herenegun!' programa jarri du abian, 1960-2018 aroaz gogoeta egiteko

EITB.EUS

Ikasturteko azken hiruhilekoan ezarriko dute, froga moduan, zortzi ikastetxetan, Historia ikasgaiaren baitan. Aurretik, talde parlamentarioek eta biktimen elkarteek ekarpenak egin ahal izango dituzte.

  • Aintzane Ezenarro, Maite Alonso eta Jonan Fernandez, aurkezpenean. Argazkia: Irekia

    Aintzane Ezenarro, Maite Alonso eta Jonan Fernandez, aurkezpenean. Argazkia: Irekia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak 'Herenegun!' hezkuntza-programaren material didaktikoak aurkeztu ditu. Programa horrek 1960-2018 epealdian Euskal Herrian gertatutakoa aztertuko du Historia irakasgaiaren bidez.

Proiektua ikasturte honetako azken hiruhilekoan jarriko dute martxan, froga moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan eta Batxilergoko bigarren mailan. Garai hartan Euskal Herrian bizi zen "konbultsio eta indarkeria handiko" aroaz ikasleek hausnarketa egitea da egitasmoaren helburua, "horrelakorik berriro gerta ezin daitekeela uler dezaten".

'Herenegun!' hezkuntza-programaren materialak aurkezteko ekitaldia egin dute Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan, eta han izan dira Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia, Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria.

"Memoria hurbilari buruzko gogoetak dimentsio etiko argia du, baina, hezkuntzaren ikuspuntutik, zalantzarik gabeko dimentsio historikoa du, eta hori ere islatu beharko da", adierazi du Maite Alonsok.

Egun, euskal hezkuntza-curriculumean Memoria Historikoaren aldia aztertzeko materialak eta programazioak badaude, baina, ez da gauza bera gertatzen Memoria Hurbilarekin. Hori dela eta, "'Herenegun!' programak hutsune hori bete nahi du", erantsi du Alonsok.

Jonan Fernandezen iritziz, "zeregin horri ekitea lan zaila bezain beharrezkoa da". Aditzera eman du iraganari beldurrik gabe begiratu behar zaiola, "gertatutakoaz ikasteko" prestasunez eta "berriro errepika ez dadin".

Iragan hurbil horretarako begirada horrek "konpromiso demokratiko bikoitza" duela zehaztu du: pluralismoa eta giza eskubideak. "Pluralismoa, azken 58 urteetan gertatutakoak irakurketa eta interpretazio pluralak dituelako. Baina pluralismo horrek muga bat du, giza eskubideen urraketa bakar batek ere ezin duela legitimaziorik edo justifikaziorik izan", azaldu du.

Datozen asteetan, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek eta biktimen elkarteek egitasmo honi ekarpenak edo zuzenketak egiteko aukera izango dute.

Arestian esan bezala, proiektua ikasturte honetako azken hiruhilekoan jarriko dute martxan, froga gisa, zortzi ikastetxetan. 2019ko bigarren seihilekoan, Eusko Jaurlaritzak esperientzia pilotu horren balantzea egingo du, ondoren hezkuntza-sistema guztian ezartzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena