Politika
Espainiako Aurrekontuak 2019
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuaren eta Podemosen arteko akordioak amatasun eta aitatasun baimen parekatuak eta mendekotasun laguntzan hobekuntzak ere barne hartzen ditu.
Espainiako Gobernuak eta Podemosek hainbat puntu adostu dituzte 2019ko Aurrekontuen negoziazioan: lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) 900 eurora igotzea, etxebizitzaren Estatuko planera diru gehiago bideratzea eta maizterrek babes gehiago jasotzea eta udalek alokairuen prezioak arautu ahal izatea.
Informazio agentzia ezberdinek jakinarazi dutenez, Gobernuak eta Podemosek bilera egin dute gaur berriro, Moncloan. Hantxe itundu dituzte aurretik aipatutako puntuak, baita beste bi hauek ere: amatasun eta aitatasun baimen parekatuak eta mendekotasun laguntzan hobekuntzak.
Esan bezala, gutxieneko soldataren igoera izan da hitzartutako gaietako bat. Podemosek 1.000 eurora arteko igoera nahi zuen; Gobernuak, ordea, 850 eurora artekoa. Azkenik, erdibidean utzi dute LGS delakoa.
Bestalde, 130.000 eurotik gorako soldata jasotzen dutenei pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igoko diete. Kontu horretan ere desadostasunak zituzten Sanchezek eta Iglesiasek, hasiera batean. Lehenak 140.000 euroko soldatetan aplikatu nahi zuen igoera. Bigarrenak, berriz, 120.000 eurotik gorako lansarietan.
Era berean, 10 milioi eurotik gorako ondasuna dutenei % 1 igoko diete ondarearen gaineko zerga
Jokoaren eta online apustuen publizitateari zuzendutako araudi berria onartzea ere adostu dute. Hala, tabakoaren publizitatearekin hartutako antzeko neurria aplikatuko dute jokoan ere.
Halaber, 1.000 eurora mugatuko dituzte enpresarien arteko eskuzko ordainketak, ezkutuko ekonomia saiheste aldera. Orain arte 2.500 eurora arteko ordainketak onartzen ziren.
EAJk proposamen bat egingo dio Sanchezi, eta EH Bilduk positibotzat jo ditu neurriak
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ziurtatu du Pedro Sanchezen Gobernuari Aurrekontuekin lotutako planteamendu "egingarri eta arrazoitua" aurkeztuko diotela, eta argitu du ez direla inoren "jarrera larderiatsuaren" beldur.
Gainera, ulergarritzat jo du Espainiako Gobernuak lehenik eta behin Podemosekin adostea Aurrekontuak, baina gogorarazi du bost alderdi politikorekin hitzartu behar dituela kontuak. Ildo horretan, une hori iristen denean elkarri trabarik ez egitea espero du Estebanek.
Bestalde, Marian Beitialarrangoitiak esan du EH Bilduk begiz onez ikusi dituela Espainiako Gobernuak eta Unidos Podemosek arlo sozialean adostutako neurriak, Alderdi Popularrak ezarritako murrizketekin amaitzeko balioko dutelakoan.
Alabaina, gogora ekarri du Pedro Sanchezek ez duela gehiengorik Diputatuen Kongresuan eta, beraz, Estatuko Aurrekontuak onartzeko "Euskal Herriko eta Kataluniako soberanisten babesa" ere beharko duela.
"Gure aldarrikapenak zeintzuk badaki, hasieratik jarri ditugulako mahai gainean; gure babesa nahi badu, hitzetatik ekintzetara pasa beharko du eta Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidea aitortu egin beharko du", azpimarratu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa