19:49

Politika

Kataluniako Parlamentua

Independentistek gehiengoa galdu dute Katalunian, JxCat eta ERC alderdien krisiagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gehiengoaren galera hori agerian geratu da arratsalde honetan Parlamentuan, autodeterminazio eskubideari, preso politikoen existentziari edota Erregearen gaitzespenari buruzko ebazpenen bozketatan.

1:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako independentismoak indarra galdu du JxCatek hartutako erabakiaren ondotik: Auzitegi Gorenak kargutik etendako lau diputatuak ez ordezkatzea. Gauzak horrela, lau auzipetuen botoak ez dituzte zenbatuko; beraz, independentismoak ez du Parlamentuan gehiengorik izango.

Orain arte, indar independentistek 70 eserleku zituzten (JxCaten 34, ERCren 32 eta CUPen 4), baina auzipetuta dauden JxCateko lau diputatuen eta Antoni Cominen (ERC) botoak galdu ostean, 65 jarlekurekin geratu dira. Gehiengo osoa 68 diputaturekin lortuko lukete.

Gainera, oposizioko gainerako alderdiek -Ciudadanos, OSC, Catalunya en Comú Podem eta PPC- ere 65 eserleku dituzte. Horrenbestez, Parlamentuko bozketetan independentismoak ez du, inondik inora ere, gehiengoa bermatuta.

Hartara, bozketaren batean hiru aldiz jarraian berdinketa balego, Parlamentuan aurkeztutako edozein proposamen atzera botako lukete. Aurretik, ordea, hiru aldiz errepikatu beharko lukete botazioa. Hala, 65 botoko berdinketa jasotzen denean, Roger Torrent Parlamenteko presidenteak denbora batez etengo du bozketa. Behin tarte hori igarota, bozketan aldaketarik ez balego, proposamena baztertuko lukete.

Bestalde, ERCren eta PSCren aldeko botoekin, Parlamentuko Mahaiak "efektu juridikorik gabe" utzi du gaur Junts per Catalunyak auzipetuta dituen lau diputatuek, botoak beste batzuen esku uzteko, aurkeztutako idatzia.

Bozketa kontraesankorrak

Independentziaren aldeko blokeak gehiengoa galdu izanaren ondorioak agerian geratu dira jada. Politika Orokorreko bilkura joan den astean egin zuten, baina arratsalde honetan bozkatu dituzte talde parlamentarioen ebazpenak, eta bozketak kontraesanez beteta egon dira.

Horren erakusgarri da autodeterminazio eskubideari buruz CUP eta ERC alderdiek aurkeztutako proposamenekin gertatutakoa: lehendabizikoaren testua baztertu egin dute eta ERCrenak aurrera egin du.

CUPen adierazpenaren arabera, "Kataluniak berezkoa du autodeterminazio eskubidea, Ganbera honek onartutako xedapenetan adierazten den bezala". JxCatek, ERCk eta CUPek babestu dute testua. Arestian aipatutako bost diputatu auzipetuen botorik gabe, baina, 65 parlamentariren babesa soilik eskuratu dute, eta 65 eserleku dituzten oposizioko taldeek kontra bozkatu dutenez, berdinketa izan da.

Parlamentuko araudiaren arabera, berdinketa dagoenean, bozketa errepikatu egin behar da, eta hirugarren saiakeran berdinketak jarraituz gero, ebazpena baztertuta geratzen da. Eta hala gertatu da.

Ondoren ERCren proposamenaren txanda iritsi da. "Kataluniako herritarrek eta erakundeek autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta gauzatzeko eskubidea" duela aipatzen du adierazpenak.

Kasu honetan, baina, testuak aurrera egin du, Catalunya en Comu-Podem talde parlamentarioaren abstentzioari esker. Zehazki, 61 parlamentarik (JxCat eta ERC) bozkatu dute alde, 57 agertu dira kontra (Ciudadanos, PSC eta PP) eta 12 abstenitu egin dira (CUP eta Catalunya en Comu-Podem).

Katalunian preso politikoak existitzen direla esaten duten bi proposamenekin ere kontraesanak izan dira. Alde batetik, aurrera egin du ERCk "oinarrizko eskubideak urratzen" direla eta "preso eta erbesteratu politikoak existitzen" direla salatzen duen testuak, alderdi horren, JxCaten eta Catalunya en Comu-Podem taldearen babesari esker.

Aitzitik, baztertu egin dute Katalunian "jazarpen politikoa eta preso eta erbesteratu politikoak" daudela salatu eta Espainiako erregearen gaitzespena eskatzen zuen proposamena.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena