12:33

Politika

AUZITEGIAK

ETAko hainbat preso aske uztea ekarriko lukeen ebazpena kaleratzear da Estrasburgo

EITB.EUS

Agus Hernan Foro Sozialeko eledunak Radio Euskadin baieztatu duenez, ebazpena egun batetik bestera helduko dela jakitun dira. ETAko 20 bat preso aske gera daitezke.

1:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ETAko presoei zigorrak pilatzeari buruzko epaia kaleratzear izan dezake Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Vocento Taldeak gaur zabaldu duenez.  Hedabide horren arabera, hainbat presok jarritako helegitea ontzat joko du Estrasburgok, eta horrenbestez, beste herrialde batean betetako zigorra kontuan hartzearen aldekoa izango da ebazpena. Guztira 60 preso baino gehiagori eragingo lieke epaiak: 21 aske geratuko lirateke epe laburrean, eta 40 ingururen zigorrak murriztu egingo lirateke.

Azken batean, ETAko presoek Frantzian betetako espetxe zigorra Espainian ere kontuan hartzea ekarriko luke ebazpen honek. Hau da, delitu batengatik betetako espetxe zigorra, zigor hori nonahi beteta ere, kontatu egiten dela berretsiko luke Estrasburgoren sententzia honek.

Denera 40 helegite inguru iritsi ziren Giza Eskubideen Europako Auzitegira 2015ean, zigorren  pilaketen harira.  Hainbat multzotan banatu zituzten errekurtso horiek, kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera. Santiago Arrospide Sarasola Santi Potros-ek, Kepa Pikabeak, Francisco Mujika Garmendia Pakito-k eta Alberto Plazaolak jarritako helegiteen inguruko ebazpena kaleratuko da lehendabizi.

Aipatutako iturrien arabera, Estrasburgok baliogabe utziko lituzke Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak gai honen inguruan hartuko erabakiak. PPren ekimenez 2014an Senatuak onartutako zuzenketa baten ondorioz, Frantzian betetako espetxe zigorrak ez zitzaizkien aintzat hartu dozenaka presori, eta azken horiek helegiteak jarri zituzten. Espainiako auzitegietan aukera guztiak agortu ondoren, Europara jo zuten.

Agus Hernan Foro Sozialeko eledunak Radio Euskadin baieztatu duenez, "egun batetik bestera" espero dute epaia. "Bagenekien urtea bukatu baino lehen epaia etorriko zela", esan du.

Albistearen aurrean "zuhurtzia" eskatu du Hernanek, eta epaiak izango duen eraginaz ez dutela ezer aurreratuko esan du. "Ez dakigu zer dimentsio hartuko duen. Eragin txikia izan arren, kontuan hartu behar da zenbait presok dagokiena baino 10 urte gehiago egin dituztela kartzelan", gaineratu du.

Iker Urbina prozesu honetan helegitea jarri duten zenbait presoren abokatuak EiTBri esan dionez, urriaren 23rako deitu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena