10:39

Politika

Ontziola, kinka larrian

Urkullu: 'Europako araudia tarteko, Jaurlaritzak ezin du Naval erreskatatu'

Agentzia | Erredakzioa

Lehendakariaren hitzetan, ontziolaren akziodun bilaka daiteke Jaurlaritza, betiere hartzekodunen konkurtsotik ateratzen bada.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi duenez, Sestaoko Naval ontziola "krisian" dagoen enpresa bat da, eta, hortaz, Eusko Jaurlaritzak ezin du "diru publikoarekin lagundu, Europako arautegiak espresuki debekatzen baitu". Are gehiago, gogorarazi du ontziola pribatizatzeko jarri ziren baldintzek "are zailago" egiten dutela egoera. Dena dela, enpresaren akziodunen artean sartzea posible ikusten du, betiere Naval hartzekodunen konkurtsotik ateratzen bada.

Adierazpenok Eusko Legebiltzarrean egin ditu lehendakariak, ostiral honetako kontrol saioan. Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin dio Urkulluri, Navalen egoera larria ikusita Jaurlaritzak zer egingo duen jakiteko.

Casanovaren esanetan, Jaurlaritza egiten ari dena "ez da nahikoa", eta "ontziola zabalik mantentzeko edota balizko erosle bati laguntzeko inbertsio publikoak" eskatu dizkio, Naval ez baita "edozein enpresa".

Urkulluk aitortu du ontziola "aparteko" enpresa dela, baina kasu honetan Jaurlaritzak "beste enpresekin bezalatsu" jokatu behar duela azpimarratu du.

Lehendakariak ohartarazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak edo Europako edozein erakunde publikok ezin du zailtasunak dituen enpresa baten jabetzaren zati bat erosi", eta gogorarazi du iaz Europar Batasunaren ohartarazpena jaso zutela estatu-laguntzak legez kanpokoak zirela azpimarratuz. "Casanova jauna! Ez saiatu inor engainatzen, are gutxiago Navaleko langileak", esan dio EH Bilduko legebiltzarkideari.

Horren ildoan, auzi honetan Gobernuak egin dezakeena eta egin ezin duena azaltzeko txostena prestatzen ari direla argitu du. "Esaten ari garena egia dela frogatuko dugu", erantsi du.

Akziodun bihurtzeko aukera

Dena dela, Urkulluk aipatu du badagoela aukera Jaurlaritza ontziolaren akziodun bilakatzeko, baina horretarako "hartzekodunen konkurtsotik atera" beharko da.

"Kontu handiz ibili behar gara gai honetan, Europak ez dezan estatu-laguntza gisa hartu. Izan ere, iaz aipamen bat egin nuen elkarrizketa batean, eta Europak espediente informatiboa zabaldu eta azalpenak eskatu zizkigun", oroitarazi du.

Lehendakariaren iritzian, Jaurlaritza "lanean ari da", eta lehentasuna Van Oord armadoreak Alexia ontzia Sestaon egitea eta inbertitzaile berriak topatzea dela azpimarratu du.

Langileen elkarretaratzea

Naval ontziolako langileen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur, bilkura jarraitzeko. Kanpoaldean, kontzentrazioa egin dute "Naval ez itxi" lelopean, eta gobernu biei "negoziazioa" eskatu diete Ezkerraldeko enpleguari eusteko.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena