20:06

Politika

Altsasuko auzia

Altsasuko gurasoek babesa eskatu diote Eusko Legebiltzarrari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Giza Eskubideen Batzordean egin dute agerraldia. Epaiketa justurik izan ez zela azpimarratuta, auzi honetarako "berme juridikoak" eskatuz ekimen bat onar dezatela eskatu diete legebiltzarkideei.

  • Altsasuko gazteen amak Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

    Altsasuko gazteen amak Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Altsasuko gazte espetxeratuen senideak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur goizean, eta "beste aldera ez begiratzeko" eta "ahal duten neurrian laguntzeko" eskatu diete legebiltzarkideei.

Gazte altsasuarrak Zaballako eta Iruñeko kartzelatan daude, 2016ko urrian bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarra dela eta, bi eta 13 urte bitarteko espetxe-zigorrak ezarri ostean.

Gaur, gazte horietako lauren gurasoak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan dira, auziari eta beren seme-alaben egoerari buruzko xehetasunak emateko.

"Komunikabideetan egindako epaiketa paraleloaren ondorioz", auzipetuen errugabetasun presuntzioa urratu zela, eta gazteen izenak eta argazkiak hedabideetan argitaratuta,  gazteen intimitate eta ohore eskubideak urratu zirela salatu dute.

Halaber, epaile natural eta inpartzialik izan ez zutela –kasua Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten-, eta, "ihes egiteko arriskurik ez zegoela frogatu arren", behin-behineko askatasunean egoteko aukerarik izan ez zutela kritikatu dute. Horrenbestez, epaiketa ez zela justua eta proportzionala izan nabarmendu dute.

Ildo horretan, Amnistia Internazionalak prozesu judiziala zalantzan jarri zuela gogora ekarri dute. Fiskalak gertakari haiek terrorismotzat jo izana eta 12 eta 62 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu izana ere salatu dute, azkenean Auzitegi Nazionaleko epai-mahaiak terrorismo deliturik izan ez zela ondorioztatu zuen arren.

"Taberna batean gertatutako liskarra izan zen, baina erakunde armatuko kide izateagatik edo lehergailuak gordetzeagatik ezarri ohi diren zigorrak ezarri zituzten", nabarmendu dute.

Bestalde, zehaztu dute ez dituztela gertakariak ukatzen, baina liskar bat izan zena liskar gisa epaitu behar dela azpimarratu dute.

Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarreko taldeei galdegin diete akordio batera hel daitezela eta auzi honetan "berme juridikoak" eskatzeko ekimen bat onar dezatela. Era berean, bere semeak espetxean bisitatzeko eskatu diete, "erakundeek bakarrik utzi ez dituztela ikus dezaten".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena