Politika
Katalunia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azaroa baino lehen erreferendum adostu eta lotesle baterako proposamen zehatzik egiten ez badu, Kongresuan Kataluniako independentisten babesa galduko duela ohartarazi dio Quim Torrak Pedro Sanchezi.
Albisteak (3)
Nazioarteak aintzat hartuko duen eta loteslea izango den erreferendum bat adosteko proposamen zehatza egin dezala exijitu dio gaur Quim Torra Generalitateko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari. Eta ohartarazpen bat egin dio: azaroa baino lehen aurkeztu beharko du proposamena, bestela Sanchezek Kataluniako talde independentisten babesa galduko du Diputatuen Kongresuan.
Kataluniako Parlamentuan, politika orokorreko bilkuran egin duen agerraldian, Torrak esan du Kataluniaren pazientzia ez dela mugagabea eta Pedro Sanchezi denbora amaitu zaiola. Horrela bada, "lehenbailehen negoziatzen hasteko asmoz", bilera bat deitzeko eskatuz gutuna igorriko diola iragarri du.
"Mehatxuak albo batean utzita, konpromiso zehatzak eta ausartak" har ditzala eskatu dio Torrak, eta "azaroan baino lehen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko proposamenik egin ezean, guk –independentistek- ezingo diogu egonkortasuna bermatu Diputatuen Kongresuan", azpimarratu du.
"Estatuari negoziazioa eskaintzen diogu, eta nazioarteko komunitateari bitartekari lanak egin ditzala eskatzen diogu; nazioartearen oniritzia izango duen hitzartutako erreferendum loteslea da bidea egungo krisi larria konpontzeko", adierazi du.
Halaber, "ez diogu Sanchezi elkarrizketari buruz hitz egiten entzun nahi, ondoren gurekin elkarrizketarik izango ez badu eta proposamen zehatzak egingo ez baditu", erantsi du.
Urriaren 1eko erreferendumaren lehen urteurrena gogoratzeko atzo egin ziren mobilizazioen ostean izandako istiluen harira, Sanchezek egindako adierazpenak ere izan ditu hizpide. "Erakunde demokratikoak setiatzeko erradikalak animatzea" eta jarrera horrekin "normalizazio politikoa arriskuan jartzea" leporatu dio Espainiako Gobernuko presidenteak. Bada, Torrak honela erantzun dio: "Kataluniako egoera politikoa arriskuan jartzen duena Espainiako Gobernua da, preso politikoak eta erbesteratuak mantenduz eta Kataluniari autodeterminazio eskubidea galaraziz. Nahikoa da".
Torraren esanetan, Kataluniako Gobernuak "pazientzia handia" izan du "155aren hirukoarekin" eta "duela urtebete demokrazia defendatu zuten herritarrek" eskatzen zutena baino astiroago joan dela aitortu du.
Ildo horretan, nabarmendu du Estatua izan dela "kaleetan tentsioak gora egin izanaren erantzule nagusia", bere jarrera "autoritario eta errepresiboarekin". "Guztioi interesatzen zaigu espetxea, erbestea, jazarpen judiziala eta indarkeria poliziala eragin dituen gatazka politikoa konpontzea", gaineratu du.
"Norbaitek uste badu honekin guztiarekin atzera egingo dugula, ez ditu gure determinazioa eta indarra ezagutzen; gu beti egongo gara demokraziaren, askatasunaren eta bakearen alde", azpimarratu du.
Bestalde, Espainiako Gobernuak Kataluniako Parlamentuan onartutako hainbat legeren aurka Auzitegi Konstituzionalean jarritako inpugnazioak atzera botatzeko eskatu dio Torrak Sanchezi. Helegite gehienak Mariano Rajoyren Exekutiboak aurkeztu zituen.
Amaitzeko, berretsi egin du konponbidea ez dela Estatutu berri bat adostea eta, ildo horretan, agindu du ez diola urriaren 1eko mandatuari uko egingo: "Autodeterminazio eskubidea herriarena da eta ez beste inorena", adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa