Politika
U-1aren urteurrena
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
180.000 lagun inguru atera dira kalera Bartzelonan, agintariei Kataluniako Errepublika gauzatu dezatela galdegiteko. Mobilizazioa amaitutakoan, istiluak izan dira.
Albisteak (2)
Milaka eta milaka herritarrek hartu dute parte erakunde subiranistek Bartzelonan deitu duten manifestazioan, Kataluniako erreferendumaren lehen urteurrena gogoratzeko eta Generalitateari Errepublika gauzatu dezala eskatzeko.
Udaltzaingoaren arabera, 180.000 manifestari izan dira kaleetan, Kataluniako Gobernuko kideak tartean. Catalunya plazan abiatu dute martxa, eta Parlamentuaren aurrean amaitu da, Quim Torra Generalitateko presidentea eta Roger Torrent Parlamentuko presidentea zain zituztela.
Manifestazioaren buruan joan diren herritarrek iazko urriaren 1ean erabilitako boto-kutxak eraman dituzte eskuetan, eta haien atzean joan dira manifestariak, "U-1, ez ahaztu, ez barkatu" lelodun pankarta batekin. "Autodeterminazioa giza eskubidea da" zioen beste pankarta handi bat ere erakutsi dute, ingelesez.
Kataluniako bandera independentistak eta preso politikoak askatzea eskatzen zuten kartelak nonahi ikusi ahal izan dira, eta hainbat lelo oihukatu dituzte: "independentzia", "desobedientziarik gabe ez dago independentziarik", "kaleak beti izango dira gureak" eta "ireki ditzagun kartzelak", besteak beste.
Miquel Buch Barne kontseilariaren dimisioa eskatzeko oihuak ere entzun dira. Larunbatean Esquadra Mossoak independentisten aurka oldartu izana leporatzen diote CUPek eta Errepublikaren Defentsarako Batzordeek.
Halaber, Torraren eta Torrenten kontrako oihuak ere izan dira, manifestariei harrera egiteko Parlamentutik atera direnean. "Puigdemont, gure presidentea", "Bozkatu dugu, pazientzia agortu da" eta "Herriak agindu, Gobernuak obeditu" oihukatu dute.
Erakunde subiranistek ekitaldia amaitzeko irakurri duten adierazpenaren bidez, Errepublika gauzatzeko eskatu diote Generalitateari.
"Duela urtebeteko erreferendumean baietzak irabazi zuen, baina Errepublika ez zen gauzatu, besteak beste, 155. artikuluak, kartzelatzeek eta erbesteratzeek behartuta, baina baita indar subiranisten arteko adostasun faltagatik ere", azaldu dute.
Horrela, bada, urriaren 1eko erreferenduma ahalbidetu zutenak berreskuratzeko deia egin dute: "borondatea, konpromisoa, estrategia, irmotasuna, pertseberantzia, desobedientzia, indarkeriarik eza, itxaropena, herri antolakuntza eta, batez ere, batasuna".
"Kataluniako Errepublika lortu nahi bada, ezinbestekoa da batasuna", berretsi dute.
Horrela, urriaren 1ean herritarrek emandako agindua betetzeko eskatu diete Kataluniako agintariei. "Utzi Espainiako Estatuaren eta autonomismoaren menpe egoteari edo dimisioa eman", esan diete.
Istiluak Parlamentuan eta Poliziaren komisaria aurrean
Manifestazioa 20:30 inguruan amaitu da Kataluniako Parlamentuaren aurrean, eta, esan bezala, Quim Torraren aurkako oihuak eta tentsio uneak izan dira.
Manifestari batzuek hesiak bota eta mossoen kontra egin dute. Pintura, makilak eta ur botilak jaurti dizkiete, eta egoera baretzen saiatu diren erakunde subiranistetako boluntarioei ere egin diete aurre.
Bestalde, ehunka manifestari martxaren ibilbidetik atera eta Espainiako Poliziak Via Laietana etorbidean duen komisariara joan dira. 21:00ak aldera bukatu da protesta, Esquadra Mossoek manifestarien kontra kargatu ostean.
Parlamentu aurrean bilduta zeuden manifestariei ere oldartu zaizkie mossoak, 22:00ak aldera.
BIDEOA | Istiluak izan dira Parlamentuan eta Espainiako Poliziaren komisarian
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa