11:21

Politika

USTEZKO USTELKERIA KASUA

De Miguel auziko epaiketa 15 egunez eten dute berriro, akordioa lortzen saiatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Baliteke akusatuek akusazioetako batzuk aitortzea, zigorrak arintzearen truke. Dena den, legearen arabera, gehienez ere hilabetez eten daiteke epaiketa.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

De Miguel auziko epaiketa beste 15 egunez etetea erabaki du epaimahaiak, Arabako fiskalburuak eskatuta, Fiskaltza eta defentsak zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean jarraitzeko. Dena den, legearen arabera, gehienez ere hilabetez eten daiteke epaiketa. Baliteke akusatuek akusazioetako batzuk aitortzea, zigorrak arintzearen truke.

Goizean goiz iragarri du Josu Izagirre fiskalburuak Arabako Lurralde Auzitegiaren atarian epaiketaren etenaldia eskatuko zuela, akusatuen "gehiengoarekin" akordioa lortzen saiatzeko.

"Negoziazioak asko aurreratu dira. Bide egokitik goazela uste dut, baina elkarrizketak oso konplexuak dira eta oraindik lan handia dago egiteko", azaldu du. Horrela, epaiketa luzatzea eskatu du "arrakasta" lortzeko.

Epaimahaiak De Miguel auziko epaiketa 15 egunez eteteko erabakia gaur bukatzen da, baina Fiskaltzak eta defentsek ez dute akordiorik lortu eta beste etenaldi bat eskatu dute, zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean jarraitzeko.

Euskal Herrian inoiz epaitu den ustezko ustelkeria kasu handiena da De Miguel auzia, eta udako etenaren ondotik, epailearen aurrean deklaratzen hastekoak ziren orain dela hamabost egun 26 akusatuak.

Izagirren esanetan, oraindik "asko findu" behar da, besteak beste, auzian 26 akusatu eta "delitu asko" daudelako. Edozein kasutan, zenbait akusatuk negoziazioak ukatu dituzte, eta, akordioa egotekotan, "ahalik eta kopuru handienarekin" izatea espero du.

Akordioak akusatu guztiei eragiten ez badie, akordiotik kanpo gelditzen direnekin berrekingo diote epaiketari, bi aste barru. Edozein kasutan, ez da hori aukera bakarra.

De Miguel auziko epaiketa urtarrilean hasi zen, lekukoen deklarazioarekin. 26 akusatuen artean, Alfredo de Miguel buruzagi ohi jeltzalea dago. Fiskalak 54 urteko kartzela zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, EAJn zuen arduraz baliatuta legez kanpoko eskupekoak kobratzea leporatuta. Horretarako, sozietate sare bat sortzea egozten diote.

Guztira, 26 lagun daude akusatuen aulkian; Alfredo De Miguel bera, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Araba Buru Batzarreko kide ohiak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia, Julian Sanchez Alegria EAEko teknologia parkeen sareko buru ohia eta Maria Justina Angulo Zambranako EAJko alkate ohia, besteak beste.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena