Politika
DE MIGUEL AUZIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Elkarrekin Podemosek eraman du eztabaida Legebiltzarrera, eta talde horretako Kristina Makazagak ustezko ustelkeria kasu honen aurrean 'beste aldera begiratzea' leporatu dio Jaurlaritzari.
Albisteak (3)
De Miguel auziaren epaiketa "baldintzatzea" eta "kasuaren larritasuna gutxiestea" bilatzen duen edozein adierazpen gaitzetsi du gaur Eusko Legebiltzarrak, Elkarrekin Podemosen, EH Bilduren eta PPren botoekin.
Elkarrekin Podemosek eraman du legez besteko proposamena Legebiltzarrera, EH Bildurekin adostuta. Hiru puntuko ekimena zen, eta horietako bik egin dute aurrera. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute.
Besteak beste, De Miguel Auziko instrukzio fasea zalantzan jartzea bilatzen duen "edozein adierazpen edo ekitaldi publiko" gaitzestea onartu Legebiltzarrak.
Eztabaida sutsua izan da, eta Kristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen hitzak izan dira gogorrenak. Joseba Egibar jarri du eztabaidaren jomugan Makazagak, buruzagi jeltzaleak De Miguel auziko akusatu nagusienak defendatu izan dituelako publikoki. Eusko Jaurlaritzari, berriz, "benetako ustelkeria kasu baten aurrean" beste alde batera begiratzea egotzi dio.
Bere txandan, Egibarrek esan du errugabetasun printzipioan sinesten duela, eta, oraingoz, erabakia epaileen esku dagoela. "Isilik egotea dagokigu guri, ebazpena atera bitartean", esan du.
PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek ere eztabaidan ez sartzea erabaki du, eta azken hitza epaileek dutela nabarmendu du. Hori bai, De Miguel auziaren harira Legebiltzarrean orain bi legealdi abian jarritako ikerketa batzordearen emaitzak azpimarratu ditu, Fiskaltzaren, Ertzaintzaren eta instrukzio epailearen lana aitortuz
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak, bere aldetik, salatu du Euskadin ez dagoela ustelkeria kasuei modu eraginkorrean aurre egiteko kontrol mekanismorik, "horretarako borondate politikorik ez" dagoelako.
Carmelo Barrio buruzagi popularrak ere Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, kasua argitzen lagundu beharrean, "oztopoak jartzen" ibili delako.
De Miguel auziko epaiketa etenda dagoenean egin da Legebiltzarreko eztabaida hau. Irailaren 17an, epaiketa 15 egunez etetea erabaki zuen epaimahaiak, Arabako fiskalburuak eskatuta, Fiskaltza eta defentsak zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean ari direlako.
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustezko ustelkeria kasu handiena da De Miguel auzia. 26 akusatu daude, tartean EAJko Arabako zuzendaritzako buruzagi izandakoak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa