12:48

Politika

Elkarrizketa

Puigdemont: 'Hanka sartu nuen independentzia aldarrikapena bertan behera uztean'

EITB.EUS

Politikari katalanak ETBko 'En Jake' saioari esklusiban eskainitako elkarrizketa batean, Katalunian Quebecen egin zuten erreferenduma egiteko prest ote dagoen galdetu dio Sanchezi.

9:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carles Puigdemont presidenteak aitortu duenez, "hanka sartu" zuen Kataluniaren independentzia aldarrikapena bertan behera uztean, iazko urrian 10ean.

Kataluniako erreferendumaren urtemugaren atarian, Puigdemontek elkarrizketa eskaini dio ETB2ko 'En Jake' saioari. Politikariak Waterloon (Belgika) duen etxean elkarrizketatu du Xabier Lapitz kazetariak.

Iraganean hartutako erabakiren bat aldatuko ote zukeen galdetuta, elkarrizketa abiatzeko Erreferendum Legearen ondorioak behin-behinean bertan behera uztea aipatu du Puigdemontek.

"Egun hartan, Generalitateak baliozkotutako erreferendumaren emaitzak genituen Parlamentuan, Errepublika indarrean jartzeko eta trantsizio legea garatzeko legitimotasun guztia genuen. Bertan behera uztea erabaki nuen, eta hanka sartu nuen horretan", adierazi du. Puigdemonten hitzetan, "elkarrizketarako prest zeudela zirudien, urriaren 1ean gertatutakoa onartzeko...hitz egiteko aukera zegoen".

Hori horrela, elkarrizketa lehenestea erabaki zuen, berarentzat "mingarria eta zaila" izan bazen ere.

"Amarrua izan zen, ordea", salatu du. Izan ere, gogorarazi duenez, astebete geroago Jordi Cuixart eta Sanchez kartzelatu zituzten, eta Konstituzioaren 155 artikulua martxan jar zezaketela susmatzen hasi ziren.

Quebeceko erreferenduma

Pedro Sanchezek Quebeceko erreferendumaren harira egindako adierazpenez ere galdetu diote Puigdemonti. Espainiako gobernuburuak igandean esan zuenez, "elkarrizketa politikoaren bidez eta legearen barruan konponbidea" aurki liteke, eta Quebec jarri du adibide moduan. "Legearen errespetutik elkarbizitza bermatzeko konponbide bat aurki daiteke", gaineratu zuen.

Horren aurrean, galdera bota dio politikari katalanak Espainiako presidenteari: "Onartuko al zenuke Katalunian Quebecen egin zen erreferenduma egitea? Hala bada, biok gauza bera esaten ari gara: antolatu eta baimentzen dutenen borondate politikoaren menpeko erreferendum bat, emaitza lotesleak izango dituena".

Puigdemonten esanetan, "Quebecen autodeterminazio erreferenduma egin zuten, istilurik gabe eta Estatuak legezko jota. Gehiengoen eta gutxiengoen arteko ezberdintasunak konpontzeko tresna demokratiko bezala onartu zuten, eta emaitzak lotesleak izan ziren".

Horrez gain, gogorarazi du Quebeceko Argitasun Legea onartu baino lehen "autodeterminazio eskubidea aitortu" zuela Kanadak, eta gauza bera eskatu du Kataluniarentzat.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena