Politika
BIZKAIA
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du albistea Politika Orokorreko osoko bilkuran. Halaber, Diputazioak 20 milioi bideratuko ditu Nagusi Intelligence Centre proiektura.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak astelehen honetan iragarri duenez, Bilboko BBVA dorrea Bizkaia dorrea izatera pasatuko da. Eraikin horretan Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroa kokatuko da eta Foru Aldundiaren zerbitzu batzuk ere bertan egongo dira.
Gernikako batzar etxean egiten ari diren Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran jakinarazi ditu aldaketak ahaldun nagusiak.
Legegintzaldia amaitu aurreko bere asmoak aurkezteko hitzaldian azaldu duenez, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa Bizkaia dorrearen "bihotzean" egongo da, eta urtarrilean egingo dute zentroa dinamizatzeko ardura izango duen nazioarteko agente bat kontratatzeko deialdia. Halaber, aldundiak eraikinean libre gelditzen den gainerako zatia alokatuko du bere zerbitzuen atal bat zentralizatzeko eta herritarrari zerbitzu hobea emateko.
Halaber, Unai Rementeriak Nagusi Intelligence Center sortuko dutela iragarri du. Aldundiak 20 milioi euroko inbertsioa egingo du datozen bost urteetan. Zentro horren bitartez, biztanleriaren zahartzearen erronka jarduera eta enplegu sektore berriak garatzeko aukera bihurtzea lortu nahi du Diputazioak.
Rementeriaren esanetan, etorkizunari begira, beharrezkoa da langile bizkaitar guztiek erretiroa hartu ostean jasoko dituzten pentsio publikoen osagarri bat edukitzea. Horregatik, enpresaburuak, langileak eta sindikatuak deitu ditu gaur egun Gipuzkoan eta Alemanian, Danimarkan, Erresuma Batuan edo Herbehereetan abian dauden BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen antzeko bat sortze aldera akordioa lortzeko.
Azpiegiturei dagokienez, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren zatiko lanak urtarrilean hasiko direla iragarri du. Horrez gain, egun gutxi barru hasiko dira Bilboko itsasadarren gainean plataforma bat jartzen, gerora, bi aldeak lotuko dituen tunela eraikitzen hasteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa