Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
EITB.EUS
Jeltzaleek Diputatuen Kongresuan duten bozeramaileak azpimarratu du EAJk 'lehengo momentutik' kargutik kendu zituela auzian nahasita egon zitezkeenak.
Albisteak (3)
Aitor Esteban EAJren diputatu eta Kongresuko bozeramailearen esanetan, alderdiak "ez du zerikusirik izan De Miguel auzian epaitzen ari direnekin, denek auzian nahastu bagaituzte ere".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan De Miguel auziaren epaiketak EAJri kalterik egin ote dion galdetu diote. Estebanen iritzian, "jende guztiak EAJ nahasi nahi du auzi horretan, baina instrukzioan frogatuta geratu zen bezala, alderdiak ez du zerikusirik izan, eta lehen momentutik egin behar zuena egin zuen".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak atzo adierazi zuenez, "De Miguel auzian ustelkeria kasu larri bat epaitzen ari dira. Ia inputatu guztiak EAJko kide ziren... Jakin nahiko nuke salbuespena izan ote ziren edo arau". Gaur erantzun die Estebanek kritika horiei: "Auzian harrapatu nahiko gintuzkete, baina ez, ez gaude nahasita".
"Alderdiak egin behar zuena egin zuen lehenengo momentutik. Auzian nahasita zeudenei alderdiko txartela kendu eta erantzukizunetatik urrundu zituen. Erakunde bezala ez dugu zerikusirik epaitzen ari direnekin", erantsi du.
Pedro Sanchezen agintaldiaren inguruan ere mintzatu da Esteban, eta legegintzaldia amaitu ahalko duelakoan dago. Azaldu duenez, "apur bat baikorragoa" da orain, izan ere, "beste berbaera bat" igarri dut Podemosengandik, "eta talde katalanak, ERC eta PDeCAT, elkarrizketarako prest agertu dira".
Espainiak Saudi Arabiari saldutako armen inguruan, "larregi puztu" den gai bat dela iritzi dio jeltzaleak: "Armak Bilbotik ateratzen ez badira, beste portu batetik aterako dira. Zergatik kritikatzen dute Saudi Arabia eta ez izugarrikeriak egiten dituzten beste herrialde batzuei emandako laguntzak? Mundua ez da zuria ala beltza, grisa da. Europa mailako erabakia izan beharko litzateke".
Franco hobitik ateratzeko Kongresuan egindako bozketari eta PPk eta Ciudadanosek zuri bozkatu izanari buruz galdetuta Estebanek erantzun duenez, "historiak pisu handia du eta batzuek gurasoak, aitona-amonak eta birraitonek utzitako ondarea jarraitu behar dute". "Kontra bozkatzea txarto geratzen da, baina zaila egiten zaie alde bozkatzea ere", gaineratu du.
Autogobernuaren eztabaidaz, "EAJk ez du nahi datarik eta gehiengorik gabeko eta legezkoa ez den erreferendumik", Mendiak hori aipatu badu ere, Estebanen hitzetan. "Data eta gehiengoa jartzeko eta legezkoa egiteko irrikan gaude. Prest al dago beste aldea? Uste dut ezetz!", adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa